Itxi

SANTANDER LIGA

Athleticek 3-2 galdu du Mallorcaren aurka eta agur esan dio bolada onari

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Talde zuri-gorriak 3-2ko emaitzarekin galdu du Santander Ligako 24. jardunaldiko partida. Bi eta huts galtzen hasi da Athletic, lehia berdintzea lortu du, baina Mallorcak 88. minutuan sartutako golak Bilboko taldearen porrota eragin du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek galdu egin du Mallorcaren aurka (3-2) astelehen honetan jokatu duen Santander Ligako 24. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde zuri-gorria ezin izan da Europarako postuetara gerturatu.

Baloiaren jabe egin da Athletic neurketaren hasieran. Neurketako lehen jaurtiketa Zarragak egin du, baina baloia kanpora joan da langaren gainetik. Partidako 14. minutuan Sergio Rico atezainak huts egin du baloia aldentzerakoan, Sanceti iritsi zaio, honek pasea eman dio Raul Garciari, baina Nafarroako jokalariak ez du errematea ondo egin, abagune argia alferrik galduta. Ondoren, Mallorca nagusitzen hasi da, abagune argirik sortu ez duen arren. Hala, 21. minutuan, Unai Nuñezek falta argia egin dio area barruan Maffeori, eta epaileak penaltia adierazi du Mallorcaren alde. Salva Sevillak ez du barkatu penalti puntutik, eta gola sartu du (1-0).

Maldan gora jarri zaio partida Athletici. Mallorcaren golak min egin dio talde zuri-gorriari, eta bigarren gola hartu du 29. minutuan; hegaletik loratuta etorri den baloia Muriqik ukitu, eta Angelek gola sartu du (2-0), erremate gurutzatu baten bidez Unai Simon atezaina gaindituta.

Kaskar jokatu du Athleticek lehen zatian, eta Bilboko taldea bi goleko desabantailarekin joan da atsedenaldira.

Bigarren zatiari ekiteko, Marcelino Garcia Toral Athleticeko entrenatzaileak aldaketak egin ditu; Nuñezek eta Dani Garciak berdegunea utzi dute, Yuri eta Berenguer zelaira sartzeko.

Erasokor ekin dio Athleticek bigarren zatiari, baina Mallorcak izan du lehen abagunea; Salva Sevillak kornerra atera, eta Unai Simonek gola eragotzi du baloia atepetik aterata. Bost minutu geroago, 59.ean, Raul Garciak aldea murriztu du (2-1); Zarragak pasea eman dio Yuriri, honek erdiratu, eta Raul Garciak gola sartu du penalti puntutik errematea eginda.

Golak indarberritu egin du Athletic, eta Bilboko taldeak neurketa berdindu du 61. minutuan; Muniainek kornerra atera, eta Berenguerrek binakoa jarri du markagailuan (2-2), area txikian egin duen errematea ate barrura sartuta.

Berdinketaren ostean, bi taldeetako bat ere ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Hala ere, 88. minutuan, Mallorcaren aldeko korner batean, etxeko taldeak gola sartu du; Athletic ez da ondo ibili defentsan, Muriqiri baloia luze joan zaio area barruan, eta Kuboren jaurtiketa ate barrura joan da (3-2), zutoina eta Unai Simonen bizkarra jo ostean.

Luzapenean, Athletic ez da gai izan Mallorcaren ate ingurura arriskua eramateko, ez du abagunerik sortu, eta esku-hutsik bueltatuko da etxera.

Fitxa teknikoa:

3-Mallorca: Sergio Rico; Maffeo, Raíllo, Valjent, Olivan; Take Kubo, Ruiz de Galarreta, Salva Sevilla (Antonio Sanchez, 64. min), Dani Rodriguez; Ángel (Kang-in Lee,. 73. min) eta Muriqi.

2-Athletic Club: Unai Simon; Lekue, Unai Nuñez (Berenguer, 46. min), Vivian, Balenciaga; Zárraga, Vesga (Petxarroman, 72. min), Dani Garcia (Yuri, 46. min), Muniain; Raul Garcia (Iñaki Williams, 72. min) eta Sancet (Villalibre, 72. min).

Golak: 1-0, 22. min: Salva Sevilla, penaltiz; 2-0, 29. min: Angel Rodriguez; 2-1, 59. min: Raul Garcia; 2-2, 61. min: Alex Berenguer; 3-2, 88. min: Unai Simon, bere atean.

Epailea: Diaz de Mera. Txartel horiak atera dizkie Olivan (12. min), Ángel (72. min), Manolo Reina (74. min, aulkian egonda), Raíllo (79. min) eta Kubo (89.min) Mallorcako jokalariei; Baita Zarraga (52. min), Muniain (57. min) eta Yuri  (79. min) Athleticeko futbolariei.

Albisteak (3)

Bideoak (1)