Errege Kopa
Athleticek agur esan dio Kopako finalera iristeko ametsari, Valentziaren aurka galduta (1-0)
A. B. E. | EITB Media
Zuri-gorriek porrota jaso dute Mestallan 1-0eko emaitzarekin, Errege Kopako finalerdietako itzuliko partidan. Guedes izan da golegilea. Joaneko neurketa bana berdinduta amaitu zen. Valentziak jokatuko du finala.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek agur esan dio Errege Kopako finala jokatzeko aukerari, asteazken honetan Mestallan Valentziaren aurka galduta (1-0) finalerdietako itzuliko partida. Joanekoa 1-1 berdinduta amaitu zenez, Valentziak lortu du finalerako txartela.
Bryan Gilek egin du lehen jaurtiketa, baina ez du zuri-gorrien atea zulatu. Athleticen erantzuna jarraian etorri da, 2. minutuan, Vesgak kanpora bidali duen jaurtiketarekin. 12. minutuan, Bryan Gilen saiakera kanpora joan da, zutoina urratuta. Munianek abagune argia izan du 21. minutuan, baina Mamardashvili atezainak erantzun bikaina eman dio jokalari zuri-gorriaren erremateari. Hamar minutu geroago, Gaya Valentziako jokalariak zelaia utzi behar izan du min hartuta, eta Lato zelairatu da haren ordez.
Norgehiagokako abagune argiena Iñaki Williamsek izan du 41. minutuan; bakarrik geratu da atezainaren aurrean, baina oso gaizki amaitu du jokaldia, eta Mamardashvilik baloia aldendu du. Talde zuri-gorriko aurrelariak barkatu egin du aurkariaren ate aurrean, eta Guedesek gola sartu du (1-0) Valentziarentzat 43. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa bikainarekin Agirrezabala atezaina gaindituta.
Gainera, etxeko taldeak abantaila handitzeko abagunea izan du 48. minutuan, baina Agirrezabalak ezerezean utzi du Solerrek area barrutik egin duen errematea, baloia desbideratuta.
Bigarren zatian, erasora jo nahi izan du Athleticek. Hala ere, Valentzia sendo egon da defentsako lanean, eta zuri-gorriei kosta egin zaie abaguneak sortzea. Aurkariari min ezin eginda ibili da talde zuri-gorria, eta Valentziak gola sartzeko aukera nabarmena izan du 64. minutuan, baina Solerrek txilenaz egin duen errematea kanpora joan da. Zazpi minutu geroago iritsi da Athleticen erantzuna; Muniainek area ertzean jaso du baloia, eta Athleticeko kapitainak jaurtiketa kaskarra egin du. Iñigo Martinez ere saiatu da falta jaurtiketa baten bidez, baina Mamardashvilik gelditu du.
Athletic ez da gai izan Valentzia estutasunetan jartzeko. Luzapenean, Yurik area kanpotik boleaz egin duen jaurtiketa kanpora joan da, eta horixe izan da zuri-gorriek izan duten azken aukera. Amaieran, Athletic galtzaile, eta, horrela, finalerdietan amaitu du Kopan egin duen ibilbidea.
Fitxa teknikoa:
1 - Valentzia: Mamardashvili, Foulquier, Diakhaby, Gabriel Paulista (Hugo Guillamon, 83. min), Alderete, Gaya (Lato, 33. min), Ilaix, Carlos Soler, Bryan Gil (Musah, 71. min), Guedes eta Hugo Duro.
0 - Athletic Club: Aguirrezabala, Lekue (Petxarroman, 62. min) Yerai, Iñigo Martinez, Yuri , Berenguer (Nico Williams, 70. min), Dani Garcia (Vencedor, 62. min), Vesga (Zarraga, 82. min), Muniain, Iñaki Williams eta Raul Garcia (Sancet, 62. min).
Gola: 1-0, 43. min: Guedes.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horia atera die Gabriel Paulista (26. min), Alderete (74. min) eta Diakabhy (92. min) Valentziako jokalariei, baita Iñigo Martinez (60. min) eta Zarraga (95. min) zuri-gorriei.