Etete klausularik gabe
Balenziagak 2023ra arte berritu du kontratua Athleticekin
EITB Media
Atzelariak hamabigarren denboraldia beteko du, eta 28 partidatan parte hartu du kanpaina honetan.
Mikel Balenziagak eta Athletic Clubek akordio lortu dute denboraldi honen amaieran amaitzen zen kontratua 2023ko ekainaren 30era arte luzatzeko. Iaz egin bezala, atzelariak etete klausularik gabe sinatu du.
Zumarragako hegalekoak hamabi denboraldi egingo ditu lehoi gisa. Dagoeneko 314 partida jokatu ditu, horietako 28 aurtengo denboraldian, aurreko urte osoko kopuru bera.
Balenziagak Bartzelonaren aurka 2015eko eta 2021eko finaletan lortutako Superkopako bi tituluak ditu bere kirol-ibilbidean.
Atzelariak prentsaurrekoa eskainiko du asteazken honetan Lezaman, 12:45etik aurrera.