UEFA Europa League
Ertzaintzak neurri bereziak iragarri ditu Athleticen partidarako
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak adierazi du arreta berezia eskainiko diotela "aurreko partidetan istiluak eragin dituen athleticzaleen muturreko taldeari2.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ertzaintzak asteazken honetan jakinarazi du neurri bereziak hartuko dituela ostegunean Athletic Club-Sporting Portugal partida dela eta. Bilboko kaleak kontrolpean izan nahi dituzte istilurik ez egoteko. Herrizaingo Sailak adierazi du "arreta eta kontrol berezia" eskainiko diola "aurreko partidetan istiluak eragin dituen athleticzaleen muturreko taldeari".
Portugalgo partidan ia ez zen istilurik egon eta bertako Poliziak aurrera eraman zuen lana egiten jarraituko dute. Ertzaintzak gertutik zainduko ditu taldeak, epaileak, bi taldeetako zaleak eta hiriko gune arriskutsuenak. Neurri horiek asteazken honetan jarri dituzte martxan eta ostegunean partida bukatu ostean ere ordu batzuetan izango dira indarrean. Hainbat agente kale-jantzian izango dira. Portugaletik, 2.000 zale etorriko dira beren taldea animatzera.
Ertzaintzak Athleticek zale erradikalen duela jakinarazi dio Portugalgo Poliziari
Herrizaingo Sailak esan du badakiela Schalkeren aurkako partidaren ostean izandako istiluak zein taldek eragin zituen eta hori nork osatzen duten. 30 bat lagun omen dira eta futbol partidez baliatuz istiluak sortzea omen dute helburu.
Ertzaintzaren ustez, taldeak "muturreko ideologia du eta indarkeriaz baliatzen da". Polizia Autonomikoaren arabera, hiriko ondasunak apurtzea eta erretzea, eta lokaletako erakusleihoak apurtzea izaten dute helburu. Halaber, talde bisitariaren zaleen autobusei, autoei edo polizia patruilei ere erasotzen diete.
Portugalgo zaleentzat aholkuak
Ertzaintzak informazioa bidali die zale portugaldarrei; Bilboko zein inguru diren lasaienak (Abando, Abandoibarra, Zazpikaleak) eta zein arriskutsuenak (San Mames ingurua) azaldu diete. Zelaira gerturatzeko ibilbide seguruenak zein diren eta kontrol polizial gehien non egongo diren ere iragarri dute.
Portugalgo Poliziak, aldiz, Sporting Portugal taldearen muturreko zein talde etorriko diren Bilbora jakinarazi dio Ertzaintzari, eta datuak eman dizkio. Juventude Leonina eta Directivo Ultras XXI (hauen barruan, 1143 taldea) taldeak etorriko direla jakinarazi dio. Ertzaintzak kontrol bereziak egingo ditu zaleen horien inguruan.