2-0 Romaredan
Athleticek ez du mailarik eman Zaragozaren aurrean
Erredakzioa
Hasierako hamaikakoan nobedade ugari sartu ditu Bielsak eta Aragoiko taldea borrokaren bidez nagusitu zaio. Bilbotarrek ez dute ohiko jokorik azaldu.
Fitxa teknikoa:
Zaragoza: Roberto; Alvarez, Da Silva (Lanzaro, 71. minutua), Paredes, Abraham; Micael, Zuculini; Edu Oriol (Pinter, 82. minutua), Apoño (Luis Garcia, 80. minutua), Lafita; eta Postiga.
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, De Marcos, Herrera, Iturraspe, Iñigo Perez (Muniain, 67. minutua); Ibai Gomez, Gabilondo (Susaeta, 46. minutua); eta Toquero (Llorente, 60. minutua).
Golak: 1-0. 28. minutua, Edu Oriol; 2-0. 51. minutua, Apoño
Zaragozak jokoan zuena kontuan hartuta Athleticek ez du beharrezko eraginkortasuna azaldu eta 2-0 galdu du Romaredan. Horrela, Aragoiko taldeak Lehen Mailan mantentzeko aukera urriei eutsi die eta zuri-gorriek Txapeldunen Ligarako sailkapena lortzeko aukera eskasei agur esan diete.
Hasierako hamaikakoan nobedade ugari sartu ditu Marcelo Bielsa entrenatzaileak, baina Athleticek nahiko ondo hasi du partida Romaredan. Sportingen aurkako partidan, iragan ostegunean, egindako lan handiaren ostean, Bielsaren mutilei ez zitzaien neurketa gogorra eta bizia komeni. Horregatik baloia alde batetik bestera lasaitasunarekin mugitzen saiatu dira.
Planak funtzionatu du aurreneko minutuetan, baina Zaragozak abaguneak sortu ditu. Athleticek ere gol aukeraren bat izan du, baina Aragoiko taldeak abagune gehiago eta argiagoak izan ditu. Helder Postigak baloia zutoinera bidali du areaz kanpotik. Zuri-gorriek geldikako baloietan arriskua sortu dute, Iñigo Perezek eta Ibai Gomezek ateratako faltetan.
Hala eta guztiz ere, Zaragozak eman du aurreneko kolpea. Edu Oriolen barnekaldi zoragarri bat zuri-gorrien sareetan amaitu du bilbotarren defentsa bigunak lagunduta. Athleticeko atzelariak oso bigun azaldu dira jokaldi horretan. Bizkaitarrek berehala erreakzionatu dute eta De Marcosen jaurtiketa bat ate azpian atera du Zaragozako jokalari batek.
Bigarren zatia modurik okerrenean hasi da, izan ere, Zaragozak bigarren gola sartu du areaz kanpo ateratako falta baten bidez. Apoñok oso urrutitik jaurti egin du eta Iraizoz ez da baloia gelditzeko kapaz izan. Nafarroako atezainak huts egin eta baloiak sare barruan amaitu du.
Bielsak Llorente, Muniain eta Susaeta berdeguneratu ditu, baina norgehiagoka oso zail jarri zaie zuri-gorriei. Horrela, Aragoiko taldeak Athleticek baino arrisku gehiago sortzen jarraitu du. Apoñok baloia langara bidali du kontraeraso batean.
Zuri-gorriak saiatu dira, baina ez dute jokaldirik lotu eta Zaragoza sendo azaldu da atzealdean.