Itxi

LaLiga Santander

Athleticek asko sufrituta irabazi dio Cadizi, lehen ordu erdian hiru goleko errenta izan duen arren (2-3)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zuri-gorriek 10 jokalarirekin amaitu dute partida, eta Cadizek punturen bat lortzeko merituak egin ditu bigarren zatian.

Your browser doesn’t support HTML5 video

32. minutuan hiru goleko abantaila izan arren, Athleticek asko sufritu behar izan du hiru puntuak lortzeko Nuevo Mirandilla estadioan Cadizen aurka jokatutako partidan. Bilbotarrek ondo jokatu dute lehen zatian, baina andaluziarrak nagusi izan dira bigarrenean.

Zuri-gorriek hasiera bikaina izan dute. Raul Garciak partidaren lehenengo gola sartu du 3. minutuan, Iñaki Williamsen asistentziari esker. 20. minutuan, Nico Williamsi penaltia egin ondoren, Iker Muniainek partidako bigarren gola egin du. Jeremías Ledesma atezain argentinarrak penaltia gelditu duen arren, kapitain zuri-gorriak aldaratzea aprobetxatu du markagailuan aldea handitzeko.

32. minutuan, Mikel Vesgak hirugarrena egin du, ezkerkada gogor baten bidez. Lehen zatiaren amaieran, Iñaki Williamsek laugarrena lortu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du aurrelari zuri-gorria jokoz kanpo zegoelako.

Etxekoek behar-beharrezkoak zituzten hiru puntuak jaitsiera postuetatik urruntzeko, eta bigarren zatian dena eman dute. Athletic, aldiz, lo atera da aldagelatik. 55. minutuan, 1-3koa sartu du Lucas Pérezek, eta hortik aurrera partida aldatu egin da; izan ere, Vesgak txartel gorria ikusi du 72. minutuan, eta, jokalari bat gutxiagorekin, asko sufritu du Athleticek.

86. minutuan, Rubén Sobrinok 2-3koa jarri du markagailuan. Cadizko zaleak berdinketarekin ametsetan hasi dira, baina taldeak ez du balentria gauzatu. Hiru puntuak Athleticek eraman ditu etxera. Zuri-gorriek, baina, puntu gehiago pilatu behar dituzte, Europan sartzeko aukera izaten jarraitu nahi badute.

FITXA TEKNIKOA

Cadiz: Ledesma; Akapo (55. min, Fali), Luis Hernández, Chust (55. min, José Mari), Pacha Espino; Alcaraz (73. min, Álex Fernández), Fede San Emeterio (55. min, Lucas Pérez), Alejo, Idrissi; Lozano (70. min, Sobrino) eta Negredo.

Athletic: Unai Simón; De Marcos (74. min, Petxarromán), Vivian, Iñigo, Balenziaga; Dani García (68. min, Vencedor), Vesga, Muniain (81. min, Yuri), Nico Williams (68. min, Zárraga); Iñaki Williams eta Raúl García (76. min, Yeray).

Epailea: Pizarro Gomez

Futbol-zelaia: Nuevo Mirandilla.

Golak: 0-1, Raul Garcia (3. min); 0-2, Iker Muniain (22. min); 0-3, Mikel Vesga (32. min); 1-3, Lucas Perez (55. min); 2-3, Ruben Sobrino (86. min).

Albisteak (3)

Bideoak (1)