Athletic-Getafe (0-0)
Berdinketa San Mamesen eta hurrengo geltokia Bukarest
Erredakzioa
Lehen zati aspergarri baten ostean Athletic indartsuago berdeguneratu da bigarrenean, baina ez du golaren saririk jaso. Epaileak ez ditu Getaferen area barruan bi penalti argi adierazi.
Fitxa teknikoa:
Athletic: Raul; Ramalho (Iraola, 46. minutua), Ekiza, San Jose, Aurtenetxe (Iturraspe, 46. minutua); Iñigo Perez, Herrera, Gabilondo; David Lopez (Susaeta, 46. minutua), Ibai Gomez eta Toquero.
Getafe: Moya; Arroyo, Cata Diaz, Alex Perez, Miguel Torres; Juan Rodriguez, Casquero (Lacen, 90. minutua); Sarabia (Hugo, 78. minutua), Barrada, Gavilan (Pedro León, 50. minutua); eta Miku.
Bukaresteko finalerako indarrak gorde ditu gaur Athleticek San Mamesen. Hala ere, partidaren bila atera dira zuri-gorriek eta irabaztea merezi izan dute, baina ezin izan dute Getafe mendean hartu ate aurrean barkatu dutelako.
Nahiz eta berdinketa laga, zale zuri-gorriek txalo artean agurtu dituzte jokalariak, denboraldi ahaztezina izaten ari delako eta aurretik dituzten Errege Kopako eta Europa Ligako finalei animoekin aurre egiteko.
Jarraitzaile bilbotarrek datorren denboraldian talde zuri-gorrian jarraituko ez duten bi jokalari agurtzeko aprobetxatu dute: Koikili Lertxundi eta Igor Gabilondo. Era berean, Marcelo Bielsari datorren denboraldian jarraitzeko eskatu diote aho batez.
Ligan etekinik espero ez zuela argi utzi du Athleticek hasieratik, entrenatzaileak hamaikakoan ez ohiko jokalari asko sartu dituelako, burua Bukaresten jarrita. Bielsak ohiko bi jokalari baino ez ditu jarri hasierako hamaikakoan sartu: Aurtenetxe eta Herrera. Iraola, Iturraspe eta Susaeta aulkian geratu dira. Hala ere, hirurak berdeguneratu ditu bigarren zatian.
Nahiz eta talde berria zelairatu Athleticek erasora jo eta garaipena bilatu du hasieratik. Getafek ez zuen ezer jokoan, eta kontraerasora bere aukerak agortzea erabaki du.
Iraola, Iturraspe eta Susaeta berdeguneratuta etxekoek erasora jo dute lotsagabe bigarren zatian. Zaleek taldea bultzatu dute, nahiz eta gaurko norgehiagokak garrantzi handirik ez izan.
60. minutuan Gabilondori eta Herrerari egindako bi penalti eskatu dituzte harmailetan, baina epaileak ez ditu adierazi.