Bukaresteko finala
Bielsaren Athleticek mito bilakatu nahi du
Erredakzioa
Loria edo porrota 90 minututan, gehiago berdinketa ematen bada. Europako txapelketa jokoan, bilbotarrentzako aurrenekoa izango litzateke, 1976-1977 denboraldian UEFA Kopako finalean galdu eta gero.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Atletico Madrilek eta Athleticek Europa Ligako finala jokatuko dute asteazken honetan, erronka handia bi taldeentzat, borroka erabakigarri baten protagonistak Bukaresteko estadio Nazionalean. Neurketa zirraragarria izango dela ematen du. Marcelo Bielsaren mutilek mito bihurtu nahi dute talde zuri-gorriaren historian aurreneko Europako txapelketa lortuta.
Loria edo porrota 90 minututan, gehiago berdinketa ematen bada. Europako txapelketa jokoan, bilbotarrentzako aurrenekoa izango litzateke, 1976-1977 denboraldian UEFA Kopako finalean Juventusen aurka galdu eta gero. Atletico Madrilek, ostera, duela bi urte garaipena lortu zuen Hanburgon Ingalaterrako Fulhami irabazita.
Bi taldeen helburua garaipena da eta orain arte egindako lana berretsi behar dute. Marcelo Bielsaren taldearen kasuan abentura ahaztezina izan da Europako ibilbidea. Old Traffordeko partida oroimenean dute zuri-gorriek oraindik, izan ere, Manchester Unitedi jipoia eman zioten. Jarraitzaile zuri-gorrien uholdea izan zen Manchesterren.
Simeonek bere ohiko hamaikakoa plazaratzeko aukera izango du. Tiago Mendes portugaldarra izango da baja bakarra, Valentziaren aurkako partidan epaileak egotzi baitzuen. Silvio Azevedok eta Fran Meridak ez dute parte hartuko.
Athleticen, Fernando Llorentek eta Bielsak berdegunean jarri ohi dituen punta erdiek (Markel Susaeta, Oscar De Marcos, Ander Herrera eta Iker Muniain) bidea markatu dute denboraldi honetan.
Boskote horrek Athleticen erasoko jokoaren erantzukizuna izango du asteazken honetan. Muniainek astean zehar izandako arazo fisikoak gainditzea espero da zuri-gorriek ohiko hamaikakoa zelairatzeko.
Javi Martinez eta Fernando Amorebieta atzelariak gorputzaldi ezin hobean daude eta Andoni Iraola eta Jon Aurtenetxe hegalekoek erasoan laguntzeko helburua izango dute, Bielsaren aginduei jarraituz. Ander Iturraspek euskarri lanak egingo ditu.
Ustezko hamaikakoak:
Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe; Gabi, Mario; Arda Turan, Diego, Adrian; eta Falcao.
Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta, Muniain eta Llorente.
Epailea: Wolfgang Stark (Alemania).
Estadioa: Bukaresteko Nazionala (55.200 ikusle).
Ordua: 21:45 Errumanian (20:45 Euskadin).