Itxi

UEFA Europa Ligako finala

Athleticeko zaleen itzulera, kaotikoa

Erredakzioa

Jarraitzaile zuri-gorrien hegaldiek 5 ordu arteko atzerapenak izan dituzte, baina egoera normaltzen joan da egunak aurrera egin ahala.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bukaresteko aireportua kolapsatu egin da Europa Ligako finalaren ostean, eta Athleticen milaka jarraitzaile harrapatuta geratu dira, etxera itzuli ezinik.

Azken orduetan egoera normaldu egin da, baina goizean zale zuri-gorrien hegaldiek 5 ordu arteko atzerapenak izan dituzte.

Guztira 32 hegaldi abiatzekoak ziren gaur Bukarestetik Bilbora. 05:00etatik 20:00etara ziren iristekoak hegaldiak, baina aurreikuspenak ez dira bete. Adibidez, 05:30ean iristekoa zen hegazkin batek 11:00etan egingo du azkenean, eta 06:50ean heldu behar zen beste batek 09:56an egingo du.

09:45erako Loiun espero ziren 19etatik bederatzi baino ez ziren heldu, Loiuko aireportuko hegaldi-eragiketetako buruak ETBn azaldu duenez. 13:00etarako, 20 hegaldi iritsiak ziren.

Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen ustez, kaosaren errua UEFArena da, "hiriburu txarrak hautatzen dituelako tankera honetako ekitaldietarako".

Dagoeneko Loiura iritsi den zaleetako bat haserre agertu da hedabideen aurrean: "Abereak bagina bezala tratatu gaituzte, aireportua gainez zegoen, ezin genuen ezta sartu ere egin".

Forondako aireportuan (Gasteiz) dagoeneko lurreratu dira aurrez ikusitako zazpi hegaldiak, atzerapen handirik gabe.

ATHLETICEN KEXA FORMALA

Kaosa ikusita, Athleticeko zuzendaritzak "kexu formala eta irmoa" helarazi die "zaleen garraioaz arduratzen diren antolatzaileei, erakutsi duten plangintza eskasarengatik, neurri zuzentzaileak ezartzeko ezgaitasunagatik eta gure jarraitzaileek pairatu behar izan duten tratuarengatik".

Era berean, "esker ona" adierazi nahi izan die zaleei, "erakutsi duten portaeragatik".



Bideoak (1)