Itxi

Partida gehien jokatu dituena

Erika Vazquezek futbola uztea erabaki du, 39 urterekin

EITB Media

Leer en Castellano

Nafarroako jokalaria da Athleticen emakumezkoen taldearekin partida gehien jokatu dituena eta golegile nagusia. Bere azken partida jokatuko du profesional mailan Sevillaren aurka Primera Iberdrolako azken jardunaldian.

Erika Vazquez, Athleticeko jokalaria. Argazkia: EFE

Erika Vazquezek futbola uztea erabaki du, 39 urterekin. Athleticen emakumezkoen taldean partida gehien (422) jokatu dituen futbolaria da, baita golegile nagusia (263) ere. Igandean jokatuko du bere azken partida profesional mailan Sevillaren aurka Primera Iberdrola Ligako azken jardunaldian.

Nafarroakoa Espainiako selekzioaren 47 deialditan egondakoa da, eta 2015eko Kanadako Munduko Txapelketan parte hartu zuen Espainiarekin. Athleticekin hiru Liga irabazi ditu Erikak, 2004-2005, 2006-2007 eta 2015-2016 denboraldietan. Talde zuri-gorrian hainbat marka hautsi ditu; aipagarrienetako bat, gol gehien sartu dituen jokalaria izatea, 263 golekin. Klubean, gizonezkoen taldea ere kontuan hartuta, Telmo Zarrak soilik gainditzen du Erika Vazquezen marka, 335 golekin. Gainera, Vazquez da Athleticen 17 denboraldi eman dituen lehen jokalaria, nahiz eta 2010-2011 denboraldian Espanyolen jokatu zuen.

Barañaingo Lagunak taldean eman zituen lehen urratsak eta Athleticen lehen taldearekin 2004ko ekainaren 20an egin zuen debuta Newtownabbey Strikers aurkako Txapeldunen Ligako neurketan; zuri-gorriek 10-3ko emaitzarekin lortu zuten garaipena eta Erikak gol bat sartu zuen.

Athleticekin orain arte jokatu dituen 422 partidetatik, 377 Ligakoak (Primera Iberdrola) izan dira, 32 Kopakoak, eta 13 Txapeldunen Ligakoak.

 

Albisteak (3)