SAN MAMESEN
Athleticeko hauteskundeak ekainaren 24an izango dira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 26an zabalduko da eta ekainaren 4an amaituko da, eta, lehen aldiz, San Mamesen egingo dira hauteskundeak.
Athletic Clubeko presiente berria aukeratzeko hauteskundeak ekainaren 24an izango dira. Hala jakinarazi du talde zuri-gorriak asteazken arratsalde honetan.
Aipatutako oharrak dioenez, Bilboko klubaren Zuzendaritza Batzordeak maiatzaren 15ean utziko ditu bere eginkizunak, hots, hauteskunde-deialdia argitaratu aurreko egunean, eta une horretatik aurrera Kudeaketa Batzordea eratuko da. Batzorde horrek Zuzendaritza Batzordea ordezkatuko du dagozkion gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-funtzioetan.
Erakunde zuri-gorriak honako egutegi hau aurreikusten du hauteskunde-prozesurako:
- Abiatzeko eguna maiatzaren 16a izango da, egun horretan argitaratuko baita hauteskunde-deialdia Bizkaiko Lurralde Historikoko bi egunkaritan gutxienez, baita Klubeko iragarki-oholean ere.
- Presidentetzarako eta Zuzendaritza-Batzorderako hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 26an hasiko da, eta ekainaren 4an amaituko da.
- Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak aldarrikatuko ditu ekainaren 9an 18:00etan, eta Klubeko iragarki-oholean argitaratuko dira zazpi egunez; beraz, ekainaren 16ko 18:00etan amaituko da jendaurrean jartzeko epea.
- Bozketak ekainaren 24an (ostirala) egingo dira, hau da, deialdia argitaratu eta berrogeigarren egun naturalean.
- Bozketen lekua, bere historian lehen aldiz, San Mamesen izango da.
Oraingoz, Ricardo Barkala da Aitor Elizegi ordezkatzeko hautagai gisa aurkezteko asmoa publikoki iragarri duen bakarra.