Itxi

3-0

Athleticek galdu egin du eta Europarako txartela oparitu dio Levanteri

Erredakzioa

Talde zuri-gorria makal ibili da defentsan eta 3-0 galdu du. Golak erraz sartzen utzi dizkio aurkariari. Ghezzalek sartu ditu lehen bi golak eta hirugarrena Farinosek sartu du penaltiz.

Ghezzal Athletici sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek porrotarekin esan dio agur BBVA Ligako 2011-2012 denboraldiari. Ciutat de Valencia zelaian irudi kaskarra emanda eta 3-0 galduta agurtu dira zuri-gorriak Ligan. Garaipena honekin Levantek Europa Liga jokatuko du datorren denboraldian.

Hasieratik argi ikusi zen Levante zela jokoan gauza gehien zituena. Dena den, partidako lehen 45 minutuak txarrak eta ia gol aukerarik gabekoak izan ziren. Bi taldeetako bat ere ez zen gol aukera argiak sortzeko gai izan eta bazirudien lehen zatia golik gabeko berdinketarekin bukatuko zela. 44. minutuan, ordea, Athleticek kale egin zuen defentsan, Iraizozek ere irteeran eta Ghezzalek atezainaren gainetik baloia loratu eta 1-0ekoa sartu zuen. Emaitza horrekin (1-0) iritsi zen partida atsedenaldira.

Marcelo Bielsa oso haserre ikusten zen bere taldeak eskainitako jokoarekin eta hobetzeko asmoz, Llorente eta Javi Martinez atera zituen Iturraspe eta Toquero kenduta. Aldaketek ez zuten Athleticen jokoa hobetu. Levante indartsu zelairatu zen eta nagusi izan zen.

Horrela, 68. minutuan Ghezzalek 2-0koa sartu zuen. Jokaldian ikusi zen zuri-gorriek ez zutela intentsitate handiegirik jarri defentsako lanean eta Levantek ez zuen barkatu. Bigarren gola hartuta ere ez zuten aldeak murrizteko ahalegin handiegirik egin eta 88. minutuian, zuri-gorrien gau txarra biribiltzeko Amorebietak penalti argia egin zuen area barruan baloia eskuarekin moztuta. Farinosek jaurti zuen penaltia eta 3-0koa sartu zuen.

Fitxa teknikoa:

3 - Levante: Keylor Navas; Pedro Lopez, Ballesteros, Cabral, Juanfran, Iborra, Xavi Torres, Valdo, Barkero (Farinos, 76. min), Botelho (David Navarro, 89. min) eta Ghezzal (Juanlu, 80. min).

0 - Athletic Club: Iraizoz, Iraola, Ekiza, Amorebieta, De Marcos, Susaeta, Iturraspe (Javi Martinez, 46. min), Ander Herrera (Gabilondo, 64. min), Muniain, Ibai Gomez eta Toquero (Llorente, 46. min).

Golak: 1-0, 44. min: Ghezzal. 2-0, 68. min: Ghezzal. 3-0, 88. min: Farinos, penaltiz.

Epailea: Clos Gomez.

Galeriak (1)