Madrilen, hilaren 25ean
Azkenean ultraeskuindarren manifestazioa egingo dute Kopako finalean
Erredakzioa
Madrilgo Auzitegiak baimendu egin du ultraeskuindarrek ostiralerako deitu zuten manifestazioa, eta astelehenerako atzeratutako deialdia bertan behera utzi du.
Eskuin muturreko zenbait taldek Espainiaren batasunaren aldeko martxa deitu dute maiatzaren 25erako, "Euskadi eta Kataluniako separatisten probokazioaren aurka". Izan ere, egun horretan, Madril Athleticeko eta Bartzelonako zaleez lepo izango baita.
Hasiera batean Madrilgo Espainiako Gobernuko ordezkaritzak manifestazioa atzeratu zuen, baina orain Madrilgo Auzitegiak baimendu egin du.
18:00etan hasiko da Alonso Martinez enparantzan eta Chamberikoan amaitu. Futbol partida, 22:00etan hasiko da.
Poliziak bi zalegoen guneak babestuko ditu. Katalanena Solen egongo da, eta zurigorriena, berriz, Erretiroan.
Manifestazioa deitu dutenen arabera, bi zalegoek Espainiako ereserkiari txistu egitea aurreikusita dute, eta horri "Espainia osoari eta espainiar guztiei irain egitea" dela iritzi diote.
"Batasunaren balioa"
"Martxa honekin espainiar nazioaren eta espainiarren batasuna aldarrikatu nahi dugu, herritar guztiei bizimodu duina bermatzeko herri indartsua lortzeko bide bakarra delako", esan dute.
Gainera, antolatzaileen hitzetan, martxa "Espainiako abertzaletasunaren barruan dauden sentsibilitate ezberdinek bateratuta deitutako manifestazioa da". Antolatzaileen artean, Falange, Nudo Patriota Español, Movimiento Católico Español, Asociación Vieja Escuela Madrid, TNS sindikatua, Patriotas.es eta Plataforma Memoria y Lealtad daude.