Itxi

Kopako finala

50.000 'lehoi', Madrilerako bidean

Erredakzio

Pazientzia errepidean: Burgos eta Segovia artean obrak daude 13 lekutan, eta ilara luzeak sor daitezke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athletic Cluben 50.000 zale inguru abiatuko dira gaur Madrilera, talde zuri-gorriak eta Bartzelonak 22:00etan Vicente Calderon estadioan jokatuko duten Kopa finala ikustera, Ertzaintzak aurrez ikusi duenez.

Zale gehienak Bizkaitik joango dira, baina penintsulako beste hainbat puntutatik ere bai.

Hain zuzen ere, 300 autobus, bi tren (horietako bat, berezia), dozena bat hegaldi baino gehiago eta milaka ibilgailu abiatuko dira.

Horrenbestez, Ertzaintzak operazio berezia prestatu du zaleen irteera errazteko.

Operazioa goizetik jarriko dute martxan, baina indartu egingo dute eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan.

Ertzaintzak honako lekuak behatuko ditu bereziki: Loiuko aireportua, Bilboko irteerak, AP-68 autobidea eta Termibuseko eta Abandoko geltokiak.

OBRAK ERREPIDEAN

Madrilera ibilgailuz joango direnentzat, aholku bat: izan pazientzia. Izan ere, Burgos eta Segovia artean obrak daude 13 puntutan.

Zale batek Radio Euskadin azaldu duenez, bart ordu eta erdi eman du 15 kilometro egiteko inguru horretan. Segur aski, gaur korapilatu egingo da egoera, auto gehiago izango baita errepidean.

MADRILERA HELDUTAKOAN? INFORMAZIO ERABILGARRIA

Autobusek Ermita del Santo pasealekuan izango dute aparkalekua. Athleticek autobusaren zenbakia oroitzea gomendatu du.

Aparkaleku horretatik gertu, Puente del Reyn, Athletic Hiria dago. Bertatik Vicente Calderonera 30 minutu daude oinez.

Metro geltokiak Principe Pio eta Pirames dira.

Eguraldiari dagokionez, gaur eta bihar 30 ºC inguru izango dira egunez, eta 27-28 ºC gauez.

Athletic Hiria 10:30etik 02:00etara izango da zabalik, Last Tour Internationalen programa ofizialaren arabera.

Vicente Calderon estadioak partida hasi baino bi ordu lehenago irekiko ditu ateak.

BILBAO, ZURI-GORRI

Bien bitartean, Bilbon irudia azken asteotakoa da: eraikin eta balkoi gehienetan bandera zuri-gorriak daude.

Eskolan, lanpostueta... Jende asko zuri-gorriz jantzita egiten ari da egunerokoa.

Bilbon leku askotatik jarraitu ahal izango da finala; San Mames lepo izango da, eta hiriburu osoan zehar 11 pantaila erraldoi jarri dituzte.

Athleticek finala irabazten badu, asteburua luzea izango da. Izan ere, gabarra igande arratsaldean abiatuko da itsasadarrean barrena, 16:00etatik.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)