Itxi

Santander Liga

Athleticen joko onak mendean hartu du Valentzia San Mamesen (1-0)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bilbotarrak aurkaria baino gehiago izan dira partida osoan zehar eta, hainbat aukera argi huts egin ondoren, golaren saria 42. minutuan iritsi da Berenguerren eskutik.

Athleticeko jokalariak Berenguerren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alex Berenguerrek lehen zatian sartutako golari esker, Athleticek garaipena lortu du Valentziaren aurka San Mamesen (1-0), talde zuri-gorriaren lehen garaipena eta Gennaro Gattuso italiarraren taldearen lehen porrota denboraldi honetan.

Athleticek gol gehiago sartzeko aukerak izan ditu, eta Williams anaiek lortu dute, baina biak jokoz kanpo zeuden. Valentziak ere merezimenduak egin ditu eta aukerak izan ditu.

Bi entrenatzaileek ligako debutean erabilitako ideiari eutsi diote.

Entrenatzaile zuri-gorriak Sancet eta Muniain zelai erdian elkartzea erabaki du, baina Villalibre alde batera utzi eta Nico Williams zelairatu du. Beraz, Iñakik puntan jokatu du.

Lehen minutuetan Athleticek hainbat gerturatze izan ditu, korner pare bat behartu ditu eta aukera bikain bat ere izan du. Baina, azkenaldian gertatu bezala, Athletic ez zen gai bere nagusitasun nabaria goletan bihurtzeko.

Eta norgehiagoka atsedenaldira golik gabe zihoala zirudienean, Berenguerrek Vesgaren baloi bat aprobetxatu du Mamardashvili atezaina gainditzeko eta partidako gol bakarra sartzeko.

Luzapenean bigarren bat ere sartu du Athleticek, baina Williams argi eta garbi zegoen jokoz kanpo baloi solte bat errematatu duenean.

Bigarren zatiaren hasierak lehenengoaren lerroari eutsi dio, lau iritsiera arriskutsurekin, Nikoren hiru eta Muniainen jaurtiketa gurutzatu bat. Nikoren hirugarrenak, bere anaia eta Muniainekin batera, ez du irtenbide onik aurkitu.

Azken aukeretan, Athleticen kontraerasoan, Nikori gol bat baliogabetu zaio jokoz kanpo zegoelako.

Luzapenean, Marcos Andrek bi aldiz jarri du korapiloa zaleen eztarrian. Lehenik, buruz egindako erremate batekin, Foulquierren erdiraketarekin; eta partidako azken jokaldian, ezkerretik areara diagonal bat bidalita, inork geldiarazi ez duena eta jaurtiketa gurutzatu batekin errematatu duena.

Fitxa teknikoa

1 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Sancet (Vencedor 73. min), Muniain (Raul Garcia, 73. min); Nico Williams (Capa, 92. min), Berenguer (Zarraga, 64. min) eta Iñaki Williams (Morcillo, 92. min).

0 - Valentzia: Mamardashvili; Thierry (Foulquier, 74. min), Gabriel Paulista, Diakhaby, Jesus Vazquez (Lato, 62. min); Guillamon (Marcos Andre, 74. min), Musah (Nico Gonzalez, 62. min), Carlos Soler; Lino, Castillejo eta Hugo Duro (Maxi Gomez, 16. min).

Gola: 1-0, 42. min: Berenguer.

Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horia atera die Vivian (12. min), Muniain (68. min), Unai Simon (79. min), Yuri (85. min) eta Yerayri (88. min), baita Musah (24. min) eta Diakhaby, (74. min) bisitariei ere.