Itxi

Santander Liga

Athleticek hiru puntuak bereganatu ditu Elxi irabazita (1-4)

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Talde zuri-gorriak garaipena eskuratu du Santander Ligako 5. jardunaldiko partidan. Bilboko taldea lau goleko abantailarekin joan da atsedenaldira. Elxek gola sartu du bigarren zatian emaitza pixka bat txukunduta.

Elxen aurka gol bana sartu duten Berenguer eta Sancet Athleticeko jokalariak. Argazkia: EFE

Athleticek irabazi egin du Elxen aurka (1-4) igande honetan (irailak 11) jokatu duen Santander Ligako 5. jardunaldiko partida. Talde zuri-gorriak erabakita utzi du norgehiagoka lehen zatian. Garaipen honen ostean Athleticek 10 puntu ditu eta sailkapenaren goialdean dago.

Elx -Athletic Club (1-4) partidako laburpena eta golak

Lehen zatian jaun eta jabe izan da Bilboko taldea. Baloiaren jabe egin da Athletic hasieratik eta abaguneak sortu ditu. Norgehiagokako 9. minutuan iritsi da lehen gola zuri-gorrientzat; Muniainek pase bikaina eman dio Berenguerri, honek erdiratu, eta Nico Mercauk bere atean sartu du gola (0-1).

Gola sartu eta ia jarraian, 12. minutuan, Nico Williams area barruan sartu eta lurrera joan da Enzo Rocoren aurrean. Epaileak hasieran ez du ezer adierazi, baina VARa kontsultatu ostean Athleticen aldeko penaltia adierazi du Rocok falta egin baitio Nico Williamsi area barruan. Sancetek 0-2koa jarri du markagailuan, penaltiz Badia atezaina gaindituta.

Hamalau minututan bi gol hartu dituen arren, Elx ezinean ibili da. Etxeko taldea ez da erreakzionatzeko gai izan, eta Athleticek nagusi izaten jarraitu du. Hala bada, 22. minutuan Bizkaiko taldearen hirugarren gola iritsi da: Nico Williamsek gol bikaina sartu du (0-3) jokaldi ona egin ostean.

Partida alde jarri zaion arren, ez du erritmoa moteldu Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak. Epaileak Muniainek 41. minutuan sartu duen gola baliogabetu du, talde zuri-gorriko kapitainak jaurtiketa egin ostean baloiak Berenguerren hankan jo baitu, eta hau jokoz kanpo egon baita. Dena den, bi minutu beranduago, Elxek kale egin du defentsan eta Berenguerrek laugarren gola eman dio Athletici (0-4).

Atsedenaldira lau goleko abantailarekin joan da Athletic. Elxek oso lehen zati kaskarra jokatu du, baina bigarrenean erasokor zelairatu da. Bilboko taldea pixka bat erlaxatu da eta etxeko taldea abagune argiak sortzen hasi da. Hala ere, Athleticek bosgarren gola sartzeko aukera izan du 55. minutuan, baina Nafarroakoaren jaurtiketa langara joan da.

Elxek parkatu egin du Unai Simonek babestutako ate aurrean bigarren zatiko lehen minutuetan. Neurketako 58. minutuan, ordea, Poncek Alacanteko taldearen desabantaila murriztu du (1-4) Vivianen hutsa baliatu eta Unai Simon atezaina gaindituta.

Ondoren, bigarren golaren bila jo du Elxek, baina Athletic ez da urduri jarri eta partidaren erritmoa moteltzen jakin du. Azken txanpan bi taldeetako batek ere ez du abagune argiegirik izan eta hiru puntuak Athleticek poltsikoratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1 - Elx: Edgar Badía; Lirola (Josan, 65. min), Roco (John, 46. min), Bigas, Nico Fernandez; Gumbau (Guti, 71. min), Domingos Quina, Mascarell (Ponce, 38. min), Collado (Fidel, 46. min), Pere Milla eta Lucas Boye.

4 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Iñigo Martinez, Lekue; Sancet (Raul Garcia, 63. min), Dani Garcia (Vesga, 71. min); Nico Williams (Zarraga, 63. min), Muniain (Morci, 78. min), Berenguer eta Iñaki Williams (Guruzeta, 78. min).

Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Mascarell, Roco eta Bigas Elxeko jokalariei.

Golak: 0-1, 8. min: Nico Fernandez, bere atean. 0-2, 13. min: Sancet, penaltiz. 0-3, 22. min: Nico Williams. 0-4, 44. min: Berenguer. 1-4, 58. min: Ponce.

Albisteak (3)