Itxi

Puntu bakarra

Athleticek ezin izan du Getafe mendean hartu (2-2)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi aldiz jarri da aurretik talde zuri-gorria baina Getafek ez dizkio gauzak erraz jarri. Partida orekatua izan da, bi taldeak gogor lehiatu dira, eta ez diote elkarri erasorako erraztasunik eman.

Mikel Vesga. Argazkia: EFE

Athleticek ezin izan du puntu bakarra baino gehiago bildu Getafen. Valverderen taldea indartsu zelairatu da, eta bigarren minutuan egin du lehen gola. Atsedenaldirako, ordea, banako berdinketa ikus zitekeen markagailuan. Bigarren zatian ere zuri-gorriak jarri dira aurretik baina etxekoek berriro berdindu dute partida.

Getafe - Athletic partidako laburpena (2-2)

Iñaki Williamsek partida hasi eta bi minutura jarri du Bilboko taldea. Ander Herreraren pase bikain batek bakarrik utzi du Williams eta Getafeko atezainaren hankartetik sartu du baloia atera.

Gogoz zelairatu dira Valverderen jokalariak, baina golaren ostean, Getafek bere erasoko jokoa gogortu du. Berehala eman du lehen sustoa Quique Sanchez Floresen taldeak. Damianek erdiraketa on bat egin du, eta naiz eta ez duen inork errematatu, efektuarekin aterantz joan da, eta ia gola egin dute madrildarrek.

27. minutuan, ordura arte sortutako aukera arriskutsuenean egin du gola Getafek: Enes Unalek buruz utzi dio Aleñari eta berak sareratu du baloia, berdinketa lortuz. Hala heldu dira atsedenaldira.

Lehen zatiaren hasieran gola lortu badu Athleticek, bigarren zati hasieran aukera benetan arriskutsu eta ikusgarria izan du Getafek. Unal turkiarrak txilenaz errematea egin du, eta Unai Simon estu eta larri ibili da baloi hori desbideratzeko.

Athletic berriro aurreratu da 61. minutuan. Nico Williamsek bakarkako jokaldi baten ostean, Raul Garciari eman dio pasea, eta ez du barkatu.

Unai Simonek ia berdinketaren gola oparitu die etxekoei, pase batean okertu, eta Borja Mayoralek berreskuratu du baloia. Simonen aurrean bakarrik geratu bada ere, atezainak bere akatsa zuzendu, eta aukerarik gabe utzi du Mayoral.

Jokaldi hori abisua baino ez da izan. Izan ere, bi minutu beranduago berdindu du partida Getafek. Aleñak pase oso ona eman dio Munirri, eta horrek jaurtiketa neurtu batekin lortu du gola sartzea.

Hortik aurrera, aukera garbirik ez inorentzat. Partida gogorra izan da, eta Valverderen taldeak puntu bakarra poltsikoratu du Getafen.

Fitxa teknikoa:

2 - Getafe: Soria; Damian, Djene, Mitrovic, Duarte, Iglesias (Angileri, 72. min); Aleña (Algobia, 85. min), Milla, Maksimovic (Munir, 73. min); Borja Mayoral (Portu, 85. min) eta Enes Ünal (Latasa, 92. min).

2 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Yuri, 55. min), Vivian, Iñigo Martinez, Lekue; Ander Herrera (Zarraga, 74. min), Vesga; Nico Williams (Dani Garcia, 74. min), Sancet (Raul Garcia, 56. min), Muniain (Berenguer, 56. min); eta Iñaki Williams.

Golak: 0-1, 2. min: Iñaki Williams; 1-1, 27. min: Aleña; 1-2, 62. min: Raul Garcia; 2-2, 76. min: Munir.

Epailea: Munuera Montero. Horia erakutsi zion Juan Iglesiasi (14. min), Damiani (19. min), Duarteri (25. min), Carles Aleñari (31. min), Jaime Matari (45. min), Quique Sanchez Floresi (45. min) eta Algobiari (92. min) eta Sanceti (18. min) eta Ander Herrerari (64. min). Txartel gorria atera dio Quique Sanchez Floresen laguntzaileari, David Cubillori (81. min).