Santander Liga
Athleticek Bartzelonaren gol zaparrada jasan du (4-0)
I. G. | EITB MEDIA
Kataluniako taldeak argi eta garbi gainditu ditu bilbotarrak, lehen zatiaren amaierarako hiru gol sartu baitituzte jada. Porrota nahikoa ez balitz, Ander Herrerak eta Dani Garciak zelaia utzi behar izan dute min hartuta.
Athleticek porrot gogorra jaso du Santander Ligako 11. jardunaldian Bartzelonaren aurka. Kataluniako taldeak lehen zatia hiru golekin itxi du, eta bigarrenean, beste bat gehitu du bilbotarrak maldan behera jartzeko (4-0).
Bartzelona - Athletic partidako laburpena (4-0)
Athleticek presio oso handiarekin hasi du partida aurkariak harrapatzeko, baina Bartzelonak bazekien zertan ari zen, eta Ernesto Valverderen taldeak kemena eta indarra jarri ditu kalitatea baino gehiago.
Aurrelari katalanen punteria erabakigarria izan da. Katalanen lehen lau erremateetatik hiru golean bukatu dira, eta bestea Unai Simonen geldiketa batekin amaitu da, Dembelek markagailua ireki baino lehen.
Berea izan da lehen goleko jokaldia. Bere jaurtiketa Unai Simonek gelditu du, baina baloia Lewandowskik jaso du, eta frantziarraren buruan jarri du, 12. minutuan 1-0ekoa sartzeko.
2-0ekoan Dembele izan da berriro protagonista. Sergi Robertori pasa dio baloia, eta honek baloia sarera bidali du, Iñigo Martinez gelditzen saiatu arren.
Gainera, 3-0ekoan baloia penalti puntuan jarri dio Lewandowskiri eta poloniarrak gainerakoa egin du. Bartzelonaren bederatziak bizkarrez jaso eta Unai Simon gainditu du.
Athletic ezinean geratu da, eta luzapenera arte ez du atera errematatu, Berenguerren erremate leun batekin.
Ordurako Ander Herrera (22. min) eta Gavi (33. min), biak lesionatuta, jada ez zeuden zelaian. Dani Garcia eta Frank Kessie sartu dira jokoan.
Erretiratu aurretik, Dembelek beste asistentzia bat eman dio Ferran Torresi pasea iragazterakoan. Ferran Torresek bikain erabaki du Unai Simonen aurrean (4-0).
Athleticek ezin izan du aukera bikoitz bat aprobetxatu 90. minutuan, Ter Stegenen akats baten ondoren, eta seigarren jarraitzen du sailkapenean.
Fitxa teknikoa
4 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Koundé (Marcos Alonso, 62. min), Eric García, Balde; Sergio Busquets, Frenkie de Jong, Pedri (Ferran Torres, 62. min), Gavi (Kessie, 33. min); Dembélé (Pablo Torre, 77. min) eta Lewandowski (Ansu Fati, 62. min).
0 - Athletic: Unai Simón; De Marcos (Lekue, 60. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Vesga; Nico Williams, Zarraga (Vencedor, 70. min), Herrera (Dani García, 22. min) (Sancet, 60. min), Berenguer; eta Iñaki Williams (Raul García, 70. min).
Golak: 1-0, 12. min: Dembélé. 2-0, 18. min: Sergi Roberto. 3-0, 22. min: Lewandowski. 4-0, 73. min: Ferran Torres.
Epailea: Martínez Munuera. Txartel horia atera die De Marcos (Athletic), Busquets (Bartzelona), Eric Garcia (Bartzelona) eta Vesga (Athletic) jokalariei. Xavi Hernández Bartzelonako entrenatzaileari ere txartel horia atera dio.