ALEGAZIOAK
Athleticek helegitea aurkeztu du Yerayk derbian ikusitako txartel gorriagatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talde zuri-gorriak baliorik gabe utzi nahi du Barakaldoko defentsak jasoko lukeen partida bateko zigorra Reale Arenan kaleratua izateagatik, igandean Real Madrilen aurkako partidan egon ahal izateko.
Athletic Clubek alegazioak aurkeztu dizkio Lehiaketa Batzordeari Yeray Alvarezek larunbatean Realaren aurkako partidan ikusi zuen txartel gorriagatik.
Guillermo Cuadra Fernandez epaileak txartel gorria atera zion Yerayri, ziurrenik talde zuri-gorriak denboraldi honetan duen jokalaririk nabarmenenari, Take Kubo Realeko aurrelaria area barruan lurrera botatzeagatik.
Hala, ekintza horrekin talde zuri-gorriak baliorik gabe utzi nahi du Barakaldoko defentsak jasoko lukeen partida bateko zigorra, igandean Real Madrilen aurkako partidan egon ahal izateko.
Horrela ez balitz, bere bajak Iñigo Martinezenarekin bat egingo luke, Ondarroako atzelaria jokatu ezinik baitabil azken jardunaldietan, eskuineko oinean duen fasziitisagatik.