Itxi

Santander Liga

Athleticek Barçaren aurka galdu du San Mamesen (0-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

VARak ontzat eman du epaileak jokoz kanpo egoteagatik baliorik gabe utzitako Raphinharen gola, eta Iñaki Williamsen gola baliogabetu du Muniainen ustezko eskuagatik.

Athletic Club 0-1 Bartzelona. Argazkia: EFE

Athleticek galdu egin du igande honetan Bartzelonaren aurka (0-1) San Mamesen, Santander Ligako 25. jardunaldiko partidan. VARak protagonismo handia izan du partidan, kataluniarrei aurretik bertan behera utzitako gol bat emateagatik eta Iñaki Williamsek sartutako beste bat baliogabetzeagatik euskaldunei.

Athletic Club - Bartzelona partidako laburpena

Zuri-gorriek hasiera hobea izan dute, ordu laurdena pasata kontrola hartzen hasi den Bartzelona etengabe presionatuz. Hala ere, Ferranek minutu eta erdira sare ertzera egindako jaurtiketa batekin mehatxatu du, zutoinera doituta; eta Nicok erantzun bikaina eman dio beste jaurtiketa batekin.

Jokoaren nagusitasunak hiru etorrera arriskutsu eta Lewandowskiren buruz burukoa eman dizkio Barçari Agirrezabalaren aurka. Baina nazioarteko atezain gaztea fin ibili da atepean.

Berenguer Vivianen baloi luze bat aprobetxatzeko zorian egon da. Koundek ez du ondo neurtu, eta Ter Stegenek jardun behar izan du, aurrelari nafarraren presioarekin.

Ordu erdi geroago, Athleticek animoari eutsi dio eta gola sartzeko bi aukera argi sortu ditu. Lehenengoan Iñakik sare hegalean jo du eta Raul Garciaren burukada batek langa jo du bigarrenean.

Lehen zatia 0-0ekoarekin bukatuko zela zirudienean, Busquetsek Rafinha area barruan bakarrik aurkitu du eta brasildarrak Agirrezabala gainditu du jaurtiketa gurutzatu batekin. Gil Manzanok gola bertan behera utzi du hasieran jokoz kanpokoagatik, baina VARak gola eman die bisitariei (0-1).

Valverdek erreakzionatu eta Muniain, Zarraga eta Yuri zelaratu ditu.

Norgehiagokaren azken txanpara iritsi eta Athleticen setioa hasi da, aurkarien aurrean jaurtiketa gurutzatu bat eginez. Alemaniako atezainak Williamsen jaurtiketa gelditu du.

Orduan iritsi da berdinketa Williamsen esprint batean, baina Gil Manzanok baliogabetu egin du VARean kontsultatu ondoren, Muniainek aurreko jokaldi batean ustez eskuaz baloia ukitzeagatik.

Beste aukera bat ere izan du Athleticek luzapenean. Aukera bikoitz horretan, katalanen defentsak Yuriren eta Guruzetaren jaurtiketa biak blokeatu ditu.

 

San Mamesek, 49.741 ikuslerekin, errekorra hautsi du

Athleticen eta Bartzelonaren arteko klasikoa ikusteko San Mamesen bildu diren 49.741 ikusleek marka berria ezarri dute Bilboko futbol zelaian jokatu den futbol partida batean.

Aurreko errekorra urtarrilaren 22an talde zuri-gorriaren eta Real Madrilen arteko Ligako partidan bildu ziren 49.316 zaleak izan ziren.

 

Fitxa teknikoa

0 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos (Capa, 84. min), Vivian, Iñigo Martinez, Balenziaga (Yuri, 70. min); Dani Garcia, Vesga (Zarraga, 64. min); Nico Williams, Raul Garcia (Muniain, 64. min), Berenguer (Guruzeta, 84. min); eta Iñaki Williams.

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto (Marcos Alonso, 84. min), Kounde, Christensen, Balde; Sergio Busquets, Frenkie de Jong, Gavi (Alarcon, 94. min); Raphinha (Ansu Fati, 84. min), Ferran Torres (Kessie, 67. min) eta Lewandowski.

Gola: 0-1, 45. min. Rafinha.

Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel horia ateradie Iñaki Williams, Zarraga eta Sergi Roberto jokalariei.

VAReko epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez.