Itxi

F Liga

Athleticek, penaltiz, urrezko puntu bat lortu du Sevillaren aurka San Mamesen (1-1)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sevillarrak lehen zatian aurreratu dira Inma Gabarroren golari esker, baina euskaldunek markagailua berdindu dute Clara Pinedoren eskutik, talde bakoitzak penalti bat huts egin duen partidan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticek urrezko berdinketa lortu du Sevillaren aurka (1-1) ostiral honetan San Mamesen jokatu den F Ligako partidan. Lehoiek markagailua berdindu dute partidako azken minutuan jasotako penalti bati esker.

Iraia Iturregik zuzentzen duen taldea bere dinamika txarra aldatzeko asmoarekin iritsi da San Mamesera, sailkapenean postuak igotzeko asmoz.

Athleticekoak izan dira aukera argia izan duten lehenak. 'Lehoiek' baloia atzetik jokatuta atera dute Eunaterenganaino, hark Nekane bila zezan baloi luze batekin. Aurrelariak ondo kontrolatu du area barruan, baina Sevillaren defentsak ez dio jaurtiketa egiten utzi.

Erasoan etxekoak ziren nagusi, baina Sevillak markagailua irekitzeko tartea aurkitu du. Aurretik ere Cristina Martín-Prietok abisua eman du hegaletik erdiraketa-jaurtiketa bat bidalita, ia ate barruan amaitu dena. 20. minutuan, Rosa Oterminek ateratako falta batek Inma Gabarro bakarrik aurkitu du area barruan, Sevillakoak buruz errematatu eta bisitarientzat gola sartzeko (0-1).

Martin-Prieto bigarren gola sartzeko zorian izan da ordu erdira, eskuin hegaletik egindako erdiraketa batean, baina bere jaurtiketa gehiegi gurutzatu da eta kanpora joan da.

Nekanek aukera oso argia izan du Ainize Barearen erdiraketa on baten ondoren, baina aurrelariak, dena alde zuelarik, aurkariaren atezainaren aurka jo du baloia.

Jarraian iritsi da Athleticen aldeko penaltia, Sevillako defentsak etxekoen eraso batean Nekane lurrera bota ostean. Berak bota du, baina bere jaurtiketak langarekin egin du topo.

Bizkaitarrek ekimenez ekin diote bigarren zatiari, baina zortea kontra jarri zaie berriro. Paynek falta jaso du area barruan eta epaileak penaltia adierazi du Sevillarentzat. Rosa Oterminek jaurti du zigorrik handiena, baina Mariasun Quiñones bikain luzatu da jaurtiketa gelditzeko, bere taldeari itxaropena emanez.

Aldaketek eragina izan dute Athleticen jokoan, aurkaria bere zelaian defendatzera behartu baitu, baina golerako bidea aurkitu ezinik jarraitzen zuen.

Dena erabakita zegoela zirudienean, epaileak euskaldunen aldeko beste penalti bat ezarri du 91. minutuan, area barruan baloiak defentsaren eskuan jo ondoren. Clara Pinedok jaurti du, eta jaurtiketa on batekin berdinketa eman dio bere taldeari (1-1).

Hala, Athleticek urrezko puntu bat atera du San Mamesen.

Albisteak (2)

Bideoak (3)