Hurrengo denboraldiari begira
Bielsak zenbait jokalari kanpoan utzi beharko ditu
ETB
Heldu eta joan direnak kontuan hartuta 30 jokalariko taldea izango du, eta jakina da argentinarrak ez duela atsegin talde handiekin lan egitea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astelehenean hasiko du Athleticek lanean. 2012-2013 denboraldian Bielsak bere esanetara izango duen jokalari taldeak ez du aldaketa handirik izango.
Aritz Aduriz eta Ismael Lopez dira oraingoz fitxaketa berri bakarrak. Baina taldean izango dira iaz denboraldi osoa lesionatuta izan ziren beste lau jokalari ere: Xabi Castillo, Igor Martinez, Carlos Gurpegi eta Iban Zubiaurre.
Eta beste zenbait taldetan utzita jokatu duten jokalariak ere bai: Orbaiz, Balenziaga, Cerrajeria eta Ustaritz. Koikilik, Gabilondok eta Ociok, ostera, taldea utzi dute.
Heldu eta joan direnak kontuan hartuta 30 jokalariko taldea izango du Marcelo Bielsak. Jakina da argentinarrak ez duela atsegin talde handiekin lan egitea eta beraz bere lehen zereginetakoa zenbait jokalari kanpoan uztea izan daiteke.
Alde horretatik, ETBk aurreratu zuenez, Iñigo Diaz de Ceriok Mirandesen jokatuko du, eta Athletic aurten ere beste taldeei jokalariak uzten saiatuko da.
Horien artean bi aipatu daitezke: alde batetik David Lopezek iaz gutxi jokatu zuen eta aurten ere ez du ematen bere egoera asko aldatuko denik. Eta bestetik, Gaizka Toquero, Aritz Adurizen etorrerarekin ez baitu taldean aukera asko izango.
Gazteen artean, Iñigo Ruiz de Galarretaren kasua ere aipatzeko modukoa da. Aurredenboraldia lehen taldearekin egingo du eta orduan erabakiko du Bielsak Athleticen geratuko den edo beste talde batera utzita doan. Aurten ez da egongo iaz bezala Athleticen eta Bilbao Athleticen erdibidean.