Itxi

Santander Liga

Athleticek mendean hartu du Reala (2-0) eta hiru puntuak poltsikoratu ditu euskal derbian

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Zuri-gorriek garaipena bereganau dute San Mamesen talde txuri-urdinaren aurka, 2-0eko emaitzarekin. Iñaki Williamsek sartu ditu norgehiagokako bi golak.

I. Williamsek (Athletic) errematea egiten duen momentua Realari 1. gola satu aurretik. Argazkia: EFE

Athleticek irabazi du Realaren aurka San Mamesen apirilaren 15ean jokatutako euskal derbia 2-0eko emaitzarekin. Iñaki Williamsek sartu ditu partidako bi golak. Garaipen honi esker zuri-gorriek 43 puntu dituzte, eta Europarako postuetara gerturatu dira. Realak, aldiz, laugarren postuan jarraitzen du, 51 punturekin.

Athletic - Reala partidako laburpena

Erritmo biziarekin ekin diote derbiari bi taldeek. Lehen abisua Realak eman du Brais Mendezek kanpora bidalitako erremate batekin, baina azkar etorri da Athleticen erantzuna; Iñaki Williamsek area barruan lurretik egindako jaurtiketak ez du aurkariaren atea topatu. Bizkor jokatu nahi izan dute zuri-gorriek eta txuri-urdinek, eta horrexen eraginez baloia asko galdu dituzte.

Neurketako lehen abagune argia Athleticek izan du: 25. minutuan Sancetek pase sakona eman dio Nico Williamsi eta errematea Remiro atezainak desbideratu du kornerrera, gola saihestuta. Zazpi minutu beranduago, beste aukera argi bat izan du Athleticek, baina Remirok kornerrera desbideratu du baloia. Hala, bada, kornerrean iritsi da Bilboko taldearen gola; Nico Williamsek atera du, Vesgak buruz jo, eta Iñaki Williamsek ate barruan sartu du baloia (1-0). Jokaldia VAR sisteman berrikusi dute errematea egin aurretik Iñakik baloia eskuarekin jo duen ikusteko, baina, azkenean, gola balekoa izan da.

Nagusi izan da Valverdek zuzendutako taldea lehen zatiaren azken txanpan, eta atsedenaldira heldu aurretik Iñaki Williams bigarrena sartzetik gertu egon da, nahiz eta aurrelari zuri-gorriak ez duen abagunea ondo baliatu.

Bigarren zatiari ekiteko bi aldeketa egin ditu Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak: Aritz Elustondo eta Barrenetxea zelairatu ditu Brais Mendezen eta Gorosabelen ordez.

Aldaketek mesede egin diote talde txuri-urdinari, baloiaren jabe egin baita. Gipuzkoako taldeak erasora jo du, eta emaitza berdintzeko aukera paregabea eduki du 54. minutuan; Unai Simonek, ordea, txuri-urdinen gola saihestu du, jokaldi berean bi gelditu eginda. Athleticeko atezainak Barrenetxearen errematea desbideratu du lehenengo, eta, jarraian, erantzun bikaina eman dio Kuboren jaurtiketari.

Partidako 61. minutuan bina aldaketa egin ditu talde bakoitzak. Realean Sorloth eta Cho zelairatu dira Kuboren eta Oyarzabalen ordez. Bestalde, Athleticen Capak eta Guruzetak utzi dute berdegunea, eta Vivian eta Raul Garcia sartu dira.

Apurka-apurka Athleticek Realaren erasoko jokoa etetea lortu du, eta neurketa orekatu egin da berriro. Baina, oreka hori 70. minutuan hautsi du Iñaki Williamsek, markagailuan 2-0ekoa jarrita. Kontraerasoa antolatu du talde zuri-gorriak, Raul Garciak pase luzea eman dio hegal batetik bestera, eta Athleticeko aurrelariak gol ikusgarria sartu du, kontrol ona egin ostean arean sartu eta jaurtiketa bortitzarekin Remiro gaindituta.

Bigarren golak lasaitasuna eman dio etxeko taldeari. Realak ez du etsi, eta azkeneraino borrokatu du. Zuri-gorriak sendo ibili dira defentsako lanean eta zulo gutxi utzi dizkiote Athletici.

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak Muniain eta Berenguer sartu ditu zelaira 78. minutuan Nico Williamsen eta Sanceten ordez. Lau minutu geroago, Imanol Alguacilek Robert Navarro zelairatu du Silvaren partez.

Norgehiagokako azken txanpan, aldiz, Gipuzkoako taldeak izan ditu desabantaila murrizteko aukera argiak. Lehiako 86. minutuan Choren jaurtiketa desbideratu du Unai Simonek, eta, segidan, Sorlothek langa gainetik kanpora bidali du baloia, erremate kaskarra eginda. Bi minutu beranduago, Barrenetxea izan da area txikian errematea egin eta kale egin duena; honi ere, ate gainetik kanpora joan zaio baloia.

Ondoren, 89.minutuan, Valverdek bere azken aldaketa egin du: Iñaki Williamsek berdegunea utzi du zaleen txalo artean, eta Ander Herrera atera da zelaira.

Azkenean, garaipena bereganatu du Athleticek, eta Reala galtzaile atera da San Mamesetik.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Unai Simon; Capa (Vivian, 62. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga; Iñaki Williams (Herrra, 89. min), Sancet (Muniain, 77. min), Nico Williams (Berenguer, 77.min); eta Guruzeta (Raul Garcia, 62. min).

0 - Reala: Remiro; Gorosabel (Aritz Elustondo, 46. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen Muñoz; Zubimendi, Merino, Brais (Barrenetxea, 46. min), Silva (Navarro, 82. min); Kubo (Cho, 61. min) eta Oyarzabal (Sorloth, 61. min).

Golak: 1-0, 32. min: Iñaki Williams. 2-0, 69. min: Iñaki Williams.

Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horiak atera dizkie Capa (39. min), Guruzeta (48. min), Dani Garcia (47. min), Yeray (80. min) eta Vivian (83. min) Athleticeko jokalariei, baita Zubeldia (51. min) eta Le Normand (60. min) Realeko futbolariei ere.