Itxi

Ibaiganen bilera egin dute

Bielsak Athleticen jarraitzen du, oraingoz behintzat

Erredakzioa

Bere etorkizunaren inguruko zalantzak piztu badira ere, Urrutiak eta entrenatzaileak berak ez dute adierazpenik egin. Hori bai: Bielsaren taldeak zuzenduko du Athleticen entrenamendua gaur.

Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzailea. Argazkia: EFE.

Athleticeko Zuzendaritza Ibaiganen bildu da ostiral honetan, urgentziazko bilera batean. Urgentziazko batzar horrek eta Argentinako entrenatzaileak Bilbon duen etorkizunaren inguruan sortu diren zalantzek ikusmin handia eta zurrumurru asko piztu dituzte ostiral honetan.

Bereziki adierazgarria izan da ikusmin hori sare sozialetan, sutan egon baita Twitter arratsalde osoan. ''Marcelo Bielsa'' ''Lezama'' eta ''Ibaigane'', adibidez, TT izan dira.

Egunkari digital batek ere Bielsak Athletic utzi behar duela iragarri du.

Ofizialki ez da jakitera bilera horren arrazoia, baina, litekeena da Argentinako entrenatzailearekin piztutako desadostasunak mahai gainean egon izana. Hiru orduko batzarra bukatuta, adierazpenik egin gabe alde egin dute Josu Urrutiak eta Marcelo Bielsak Ibaiganetik.

Athleticeko iturriek jakitera eman dutenez, bilera horretan Lezamako lanak eta fitxajeak izan dituzte hizpide, baina ez da behin betiko erabakirik hartu. Argentinako entrenatzailearen etorkizunaren inguruan esan duten gauza bakarra da larunbat honetan Bielsaren taldeak zuzenduko duela Athleticen entrenamendua.

Athleticeko Zuzendaritza Bielsaren kritiketatik aldendu da

Athleticek agiri bat kaleratu du atzo Marcelo Bielsak Lezamako obren inguruan egindako adierazpenetatik aldentzeko. Talde zurigorriak "lanen bilakaera, lanen kontratuaren betetze maila eta eraikitze proiektuan diharduten pertsonen profesionaltasunari buruzko" entrenatzailearen iritzia "pertsonala eta subjektiboa" dela jakitera eman du.

Athleticek "orain arte lanen kontratua behar bezala bete dela" esan du. Horregatik, barkamena eskatu du "Athletic Clubeko enplegatu baten adierazpenen ondorioz sor daitezkeen kalteengatik". Athleticeko zuzendaritzak lanen kontrola eta gauzatzea berari dagozkiola "esklusibaz" gehitu du.

"Lezamako obren kontrolaren erantzukizuna Athleticek" duela gogorarazi du klubak, "taldeak horretarako profesionalak eta teknikariak dituelako".

Zentzu horretan, "lan horiek baloratzeko eta haien iritzia sen onak aholkatzen dituen solaskide eta hedabideen bitartez adierazten da eta adieraziko da beti".

Albisteak (4)