Kargatzen...
Itxi

34. jardunaldia

Athleticek jipoia hartu du Vila-realen etxean (5-1)

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Alex Baenak eta Nicolas Jacksonek (bina gol) eta Paredesek, bere atean, egin dituzte etxekoen golak. Bilbotarren gol bakarra Sancetek egin du, penaltiz.

Yuri eta Unai Simon, etsita, Vila-realen gol bat hartu ostean. Argazkia: Efe.

Athleticek zaplaztekoa hartu du Ligako 34. jardunaldian Vila-realen aurka Zeramikaren zelaian jokatutako partidan. Alex Baenak eta Nicolas Jacksonek aurretik jarri dute talde valentziarra, 2-0, eta lehen zatiaren amaieran, Sancetek, penaltiz, 2-1era murriztu du markagailuan aldea. Bigarren zatian, Nicolas Jacksonek, lehenengo, eta Paredesek, gero, bere atean, 4-1ekoa ezarri dute, eta Baenak, luzapenean, 5-1ekoa.

Vila-real - Athletic partidaren laburpena

Partidak erritmo bizia izan du hasieratik, eta bi taldeek izan dituzte gola egiteko aukerak. Horrela, lehen gola lehen ordu-erdia bete baino lehen iritsi da, Alex Baenak egindako jaurtiketa gogor baten ondorioz. Baloia zutoina laztanduz sartu da Unai Simonen atean.

Nico Williamsek 1-1ekoa egiteko aukera izan du, baina hurrengo gola ere etxeko taldeak egin du. Jacksonek errebote bat harrapatu du area barruan, eta bere taldearen bigarrena sartu du (2-1).

Atsedenaldiaren atarian, Sancetek bilbotarren gol bakarra egin du, VARetik adierazitako penalti batean.

Baina golak ez du talde zuri-gorria suspertu, ezta atsedenaldian Valverdek esandakoek ere. Bigarren zatian izan duen lehenengo aukeran, etxeko taldeak 3-1ekoa egin du, Jacksonek egin du, Yeremyren jaurtiketa baten aldaratzea aprobetxatuta.

4-1ekoa bizkaitarrek defentsan egindako enegarren hutsaren ondorioz iritsi da. Paredesek egin du, bere atean.

Bosgarren eta azken gola Baenak egin du, luzapenean. Setienen taldea sendo doa Europara bidean; Athleticek, aldiz, huts egin du denboraldiko une garrantzitsuenetako batean, eta lau partida jarraian daramatza garaipenik lortu gabe.

Fitxa teknikoa

5 - Vila-real: Reina; Foyth, Mandi, Pau, Pedraza (Alberto Moreno, 82. min), Parejo, Capoue (Terrats, 57. min), Baena; Samu Chukwueze (Lo Celso, 66. min), Jackson (Gerard, 66. min) eta Yeremy Pino (Trigueros, 82. min).

1 - Athletic: Unai Simon; Lekue (De Marcos, 58. min), Yeray, Paredes, Yuri; Dani Garcia, Herrera (Vesga, 58. min); Iñaki Williams (Guruzeta, 70. min), Sancet, Nico Williams (Adu Ares, 79. min); Berenguer (Muniain, 58. min).

Golak: 1-0, 24. min: Baena. 2-0, 37. min: Jackson. 2-1, 48. min: Sancet (penaltiz). 3-1, 50. min: Jackson. 4-1, 61 . min: Paredes (bere atean). 5-1, 91. min: Baena.

Epailea: Del Cerro Grande (Madrilgo batzordekoa). Txartel horia atera die Capoue, Parejo, Pau Torres eta Pedraza Vila-realeko jokalariei, eta Herrera, Paredes eta Iñaki Williams zuri-gorriei.