125. urteurrena
Euskal Herriko txirrindularitza eta zaleak dira maiatzean Athleticen 125. urteurreneko enbaxadoreak
EITB MEDIA
Biak ordezkatzeko, Athleticek Joane Somarriba eta Marino Lejarreta txirrindulari ohiei emango die 125. urteurreneko intsignia. Ekitaldia larunbatean izango da, San Mameseko palkoan, Athletic-Celta partidaren atarikoan.
Athleticek Euskal Herriko txirrindularitza eta zaleak izendatu ditu maiatzeko bere enbaxadoreak izateko urte osoan 125. urteurrenaren harira egiten ari den ekitaldietan, ostegunean Bilboko klubak jakitera eman duenez. Biak ordezkatzeko, Athleticek Joane Somarriba eta Marino Lejarreta txirrindulari ohiei emango die 125. urteurreneko intsignia. Ekitaldia larunbatean izango da, San Mameseko palkoan, Athletic-Celta partidaren atarikoan.
Hala, Euskal Herriko txirrindularitza eta kirol horretako zaleak Athleticen 125. urteurrenaren bosgarren enbaxadoreak dira; hain zuzen ere, Jon Rahm, Jokin Altuna, Honey Tahljieh eta Thomas Hitzlspergerren lekukoa hartuko dute. Bizkaiko klubak zehaztu duenez, Joane Somarribak eta Marino Lejarretak "gure ziklismoaren historiako bi mito erraldoi" izateagatik jasoko dituzte intsigniak, eta, ekitaldi horren bidez, "zoragarria den zalegoa saritu nahi du" Athleticek: "Omenaldi honen bitartez, munduan zehar eta Euskal Herrian bertan txirrindularitzarekiko erabateko maitasuna eta txalotzeko moduko jarrera azaldu duen zalegoa goratu nahi du Athleticek. Parte-hartzaile guztiak, euren jatorri, sailkapen edo ekipoaren gainetik, kiroltasunez eta pasioz babestu dituzte. Gure, klubak mirestekoa den jarrera honekin bat egiteaz gain, balio positibo hauekiko atxikimendu osoa adierazten du", azaldu du Athleticek, eta gogora ekarri du, halaber, nola klub zuri-gorriak, duela ehun urte, "txirrindularitza talde bat sortu zuen; iragan mendeko 20ko hamarkadaren amaierara arte martxan egon zen, eta Euskal Herriko lasterketarik esanguratsuenetan parte hartu zuen".
Athleticek nabarmendu du Joane Somarribak hiru aldiz irabazi zuela Frantziako Tourra (2000n, 2001ean eta 2003an), bi aldiz Italiako Giroa (1999an eta 2000n) eta behin erlojupeko Munduko Txapelketa (2002an). Marino Lejarretak, ordea, 1982ko Espainiako Vuelta irabazi zuen, eta, besteak beste, hiru lasterketa handietan lortu zuen etaparen bat irabaztea: bost Espainiako Vueltan, bi Italiako Giroan, eta bat Frantziako Tourrean. Horrez gain, Donostiako Klasikoa hiru aldiz irabazi zuen.
Joane Somarriba eta Marino Lejarreta. Argazkiak: EITB Media.
Athleticek gogora ekarri du, gainera, 2023ko Frantziako Tourra Bilbon hasiko dela, eta lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela.