Kontratu amaiera
Leyre Monentek ez du Athleticen jarraituko Lezaman lau denboraldi eman ondoren
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aurrelari errioxarra 2015ean iritsi zen Lezamara, eta lau denboraldiko etapa egin du talde bilbotarrean.
Athleticek iragarri du Leyre Monente aurrelariak ez duela talde zuri-gorrian jarraituko, kontratua ekainaren 30ean amaitu eta gero.
Monente (23 urte) 2015ean iritsi zen Lezamara, Logroñotik, bigarren taldean sartzeko, eta 2016ko azaroan estreinatu zen lehen taldean, Joseba Aguirreren aginduetara, 31 partida jokatu eta 2 gol sartuz guztira.
Aurrelari errioxarrak bi lesio larri izan ditu Athleticen. 2017an haustura bat izan zuen belauneko aurreko lotailu gurutzatuan, eta baja izan zen urtebete inguru. 2019an ebakuntza egin zioten eskuineko sorbaldan, eta bost hilabete eman zituen taldetik kanpo.