Denboraldiaurrea
Zuri-gorriek kale egin dute PSVren aurrean, Wroclawn (Polonia)
Erredakzioa
Denboraldiaurreko bigarren porrota jarraian erdietsi du Athleticek Polonian. PSV Eindhovenek zuri-gorriak 0-1 hartu ditu mendean Polish Masters txapelketako finalerdietan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athletic: Iraizoz; Iraola (Markel Etxeberria, 77. minutua), Gurpegi, Aurtenetxe (Castillo, 46. minutua), Iñigo Perez; Iturraspe, De Marcos, Galarreta (Aduriz, 46. minutua, Ramalho, 61. minutua); Susaeta (Igor Martinez, 67. minutua), Toquero eta Ismael Lopez.
PSV: Waterman; Hutchinson, Marcelo, Bouma, Willems (Ritzmaier, 23. minutua); Van Bommel (Van Ooijen, 46. minutua), Strootman, Toivonen (Wijnaldum, 46. minutua), Nardingh (Matavz, 46. minutua); Lens eta Mertens (Depay, 89. minutua).
Golak: 0-1, 72. minutua: Wijnaldum.
Denboraldiaurreko bigarren porrota jarraian erdietsi du Athleticek Polonian. PSV Eindhovenek zuri-gorriak 0-1 hartu ditu mendean gaur Wroclawko Polish Masters txapelketako finalerdietan. Partida Miejski futbol-zelaian jokatu da.
Georginio Wijnaldum Holandako aurrelariak 72. minutuan sartu du gola. Marcelo Bielsak defentsan zenbait proba egiteko aprobetxatu du norgehiagoka; izan ere, zuri-gorriek baja garrantzitsuak dituzte atzealdean.
Horrela, Gurpegi eta Aurtenetxe defentsaren erdialdean jarri ditu Argentinako entrenatzaileak. Aurtenetxeren ordez Castillo berdeguneratu du Bielsak bigarren zatian. Ismael Lopez hasierako hamaikakoan zelairatu da, Ibai Gomezek arazo fisikoak zituelako.
Lehen zatian baloiaren jabetza Athleticek izan du, baina abagune argienak PSVk izan ditu. Nardinghek kontraerasoan aukera paregabea izan du, baina Iraizozek geldiketa bikaina egin du (9. minutua). Geroago Van Bommelen (31. minutua) bolea gora joan da gutxigatik.
Atsedenaldiaren ostean, Galarreta eta Aduriz zelairatu ditu Bielsak, baina Donostiako aurrelariak giharretako arazo bat izan du eta ordu laurden eskas eman du berdegunean. Ramalhok hartu du bere lekua.
Iñigo Perezek baloia gehiegi gurutzatu eta gero (63. minutua) holandarren gola heldu da. Zuri-gorriek kale egin dute defentsan eta Wijnaldumek Iraizoz gainditu du.
Athleticek igande honetan jokatuko du (11:45) berriro, Slask Wroclaw-Benfica partidako galtzailearen kontra.