Itxi

EA Sports Liga

Puntu banaketa Athleticen eta Mallorcaren artean, golik gabeko partida batean (0-0)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bi taldeetako bat ere ez da golik sartzeko gai izan berdintasuna nagusi izan den partida batean, eta jokoa baloi luzeetan oinarritu da jabetzan baino gehiago, atezainei oso lan gutxi emanez.

Nico Williams. Argazkia: EFE

Athleticek eta Mallorcak puntuak banatu dituzte igande honetan (0-0) EA Sports Ligako laugarren jardunaldian. Bi taldeetako bat ere ez da golik sartzeko gai izan berdintasuna nagusi izan den partida batean, eta jokoa baloi luzeetan oinarritu da jabetzan baino gehiago, atezainei oso lan gutxi emanez.

Athletic - Mallorca partidako laburpena

Norgehiagoka iritsiera azkar eta zuzenekin hasi da bi aldeetatik, baina Mallorca izan da gehien hurbildu dena hasieran, partidako lehen abaguneak sortuz. 'Lehoiak' ere ez dira atzean geratu, eta, gutxi izan arren, aukerarik onenak izan dituzte.

Sancetek eman du lehen abisua, urrutitik egindako jaurtiketa bortitz baten bidez, baina zutoinetik oso gertu joan da kanpora. Jokalari nafarra protagonista izan da berriro 24. minutuan banakako jokaldi batean. Iñaki Williamsen baloia jaso du, eta atzelariari ihes egin ostean, jaurtiketa gurutzatu bat egin du, baina kanpora joan zaio.

Nico Williamsek ezin izan du eskuin hegaletik egindako jokaldi bat aprobetxatu. Jaurtiketa, anaia tartean zuela, gehiegi gurutzatu du, eta kanpora joan da.

Etxekoek eta bisitariek hainbat abagune izan dituzte lehen zatian, baina bakar batek ere ez du benetako arriskurik sortu, eta minutu horietan gehiago nabarmendu dira baloi luzeak jokoa bera baino.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, Mallorcak atea aurkitu du falta batean. Muriqiren erremateak Vivian jo du, eta honek gola sartu du bere atean. Hala ere, epaileak baliorik gabe utzi du gola, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako.

Williams nagusiak zuri-gorrien lehen abagunea izan du bigarren zatian, baina jaurtiketa oso ahul atera zaio eta Rajkovicek ez du arazorik izan gelditzeko.

Bigarren zatian sartuta, Muniain ere saiatu da Williamsekin hormarena egin ondoren. Horren jaurtiketa trabatuta atera da, baina atezainaren gainetik joan da kanpora.

Mallorcako jokalari arriskutsuneak, Muriqik, bere oinetan izan du berriro gola Athleticen defentsen huts bat baliatuta; dena den, jokaldia kornerrean amaitu da.

Athleticek abagune gehiago izan ditu, baina ez du zorterik izan eta talde bakoitza puntu bakarrarekin konformatu behar izan da.

Fitxa teknikoa

0 - Mallorca: Rajkovic; Maffeo, Giovanni Gonzalez, Van der Heyden, Valjent, Lato (Jaume Costa, 68. min); Samu Costa, Darder (Abdon Prats, 83. min), Dani Rodriguez (Morlanes, 68. min); Larin (Javi Llabres, 55. min) eta Muriqi.

0 - Athletic: Unai Simon; Lekue (Prados, 59. min), Vivian, Paredez, Yuri; Galarreta, Vesga (Dani Garcia, 78. min); Iñaki Williams (Raul Garcia, 82. min), Sancet (Iker Muniain, 59. min), Nico Williams (Berenguer, 78. min); Guruzeta.

Epailea: Figueroa Vazquez. Txartel horia atera dio Lekueri (44. min).