Urte bateko akordioa
Orbaizek Rubin Kazan taldean jokatuko du
Erredakzioa
Athleticek eta Nafarroako jokalariak akordioa etetea erabaki dute, eta Pablo Orbaizek 2012-2013 denboraldia Errusiako taldearekin jokatuko du.
Errusiako Rubin Kazan taldeak Pablo Orbaiz datorren denboraldirako fitxatu du. Nafarroako erdilaria akordioa sinatzeko Tatarstanen izan da, Athleticekin kontratua bertan behera utzi ostean.
Jokalari nafarrak 2011-2012 denboraldia Ernesto Valverderen aginduetara Olinpiakosen jokatu zuen, eta liga eta kopa lortu zituen.
Athleticek, bere webgunearen bitartez, "2000-2001 denboraldiaz geroztik klub zuri-gorrian erakutsi duen ardura eta konpromisoa Athletic Clubeko baloreen defentsan eskertu" nahi izan dio, eta "bere ibilbide profesional berrian onena opa" dio.
Gainera, zehazteke dagoen datan, Orbaizen kirol egutegiaren arabera, Athleticek jokalaria agurtzeko ekitaldia antolatuko du, eta bertan Josu Urrutia presidentea egongo da.