Itxi

Saria

João Pinto portugaldarrak jasoko du Athleticen 'One Club Man 2023' saria

EITB MEDIA

Porto futbol taldearen historian partida gehien jokatu dituen kirolaria da. Beraz, bat egiten du maila gorenean talde bakar baten kamiseta jantzi duten jokalariak saritzen dituen ekimen honekin.

João Pinto portugaldarrak jasoko du Athleticen 'One Club Man 2023' saria

João Domingos da Silva Pinto portugaldarra, futbol munduan João Pinto izenarekin ezaguna, sarituko dute 'One Club Man 2023' garaikurrarekin, Porto futbol taldearen historian neurketa gehien jokatu dituen kirolaria izanik, Bilboko taldearen filosofiaren balioekin bat egiten duelako.

Aurretik, Matthew Le Tissier (Southampton), Paolo Maldini (Milan), Sepp Maier (Municheko Bayern), Carles Puyol (Bartzelona), Billy McNeill (Celtic), Ryan Giggs (Manchester United) eta Ricardo Bochini (Independiente) futbolariak saritu ditu Athleticek.

Horiez gain, Malin Moström suediarrak (Umea), Pia Wunderlich (FFC Frankfurt) eta Jennifer Zietz (FCC Turbine Postdam) alemaniarrek eta, maiatzean, Fundación Albaceteko Matilde Martínez Matik jaso dute urteotan 'One Club Woman' saria.

Athleticek jakinarazi duenez, João Pintok irailaren 27an jasoko du saria, Getaferen kontrako partidaren aurretik, Portoren sorreraren 130. urteurrenaren bezperan.

Portugalgo defentsa ezagunak 16 denboraldiz jantzi zituen Portoren koloreak, 1980 eta 1997 bitartean. 587 neurketa jokatu zituen (Portoko errekorra), eta, Portugalgo 9 Liga eta 8 Superkopa irabazteaz gain, Europako Txapelketa bat, Kontinentearteko Kopa bat eta Europako Superkopa bat irabazi zituen.