Itxi

EA Sports Liga

Nico Williams hobeto dago, aduktorean duen lesioari dagokionez, eta baliteke Getaferen aurka aritzea

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jokalari iruindarrak, Espainiako selekzioaren partida batean lesioa jasan ostean, ezin izan du jokatu Athleticeko azken bi neurketetan; astelehenean, baina, entrenamenduan, baloia erabilita egindako ariketa batzuetan parte hartu du. Ruiz de Galarreta eta Nolaskoain baja izan litezke.

Nico Williams, San Mamesen; baliteke nafarra asteazkenean deialdian izatea. Argazkia: EFE.

Nico Williams oso hobetuta azaldu da astelehenean, Athleticen azken bi partidetan jokatu ezinik egon ostean lesio baten ondorioz, eta, horrenbestez, baliteke asteazkenean Athletic-Getafe neurketan parte hartu ahal izatea. 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldiko partida asteazkenean jokatuko dute, 19:00etan, San Mamesen.

Athleticeko hegalekoak lesio "arin-moderatua" egin zuen duela bi aste eskuin izterreko aduktore ertainean Espainia-Zipre partidan. Astelehen honetan, baina, Lezaman egin duten entrenamenduan, taldekideekin batera ibili da baloia erabiliz egindako hainbat ariketatan, eta, hortaz, badirudi prest dagoela asteazkenerako deialdian sartzeko.

Neurketa horretarako, ordea, Ernesto Valverde entrenatzaileak ez omen ditu eskuragarri izango lesionaturik dauden beste bi futbolariak: Iñigo Ruiz de Galarreta eta Peru Nolaskoain. Ruiz de Galarreta orain arteko jardunaldi guztietan sartu da hasierako hamaikakoan, eta denboraldi hasiera bikaina izan du; ostiralean, baina, min hartu zuen giharretan, ezker hankako trizeps suralean, eta, hori dela eta, partida batzuk galduko omen ditu.

Albisteak (3)