Kontratu berritzea
Unai Gomezek kontratua berritu du Athleticekin 2028ra arte
EITB Media
Bermeoko jokalariak beste lau denboraldiz luzatu du Bilboko klubarekin lotzen duen kontratua; hau da, 2028ko ekainaren 30era arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Unai Gomezek kontratua berritu du Athleticekin, 2028ko ekainaren 30era arte, klubak ostiral honetan, urriaren 20an, jakinarazi duenez. Beraz, Bermeoko (Bizkaia) 20 urteko jokalariak beste lau denboraldiz jarraituko du Bilboko klubari lotuta.
Gomezek 2023-2024 denboraldian egin du debuta Lehen Mailan. EA Sports Ligako lehen jardunaldian Real Madrilen aurka estreinatu zen. Abuztuaren 12an San Mamesen jokatu zen partida hartan, hasierako hamaikakoan egon zen Gomez, eta lehen zatia osorik jokatu zuen. Bi aste geroago, abuztuaren 27an, bere lehen gola sartu zuen maila gorenean, San Mamesen, Betisen aurkako neurketan. Gainera, Cadizen eta Almeriaren kontrako norgehiagoketan ere minutuak izan zituen. Beraz, lau neurketa jokatu ditu Lehen Mailan Athleticekin, guztiak San Mamesen.
Klubak argitu duenez, Unai Gomezen loturak helburuen araberako osagai aldakorra duen soldata-egitura du. Hau da, soldataren zati bat finkoa izango da, eta bestea, helburuen araberakoa.
"Hau egia bihurtutako ametsa da. Beti egin dut amets Athleticen lehen taldean jokatzearekin, eta asko baloratzen dut klubak egindako apustua. Hasi berria naiz, lau partida daramatzat Lehen Mailan, eta hau ibilbide luze baten hasiera polita izan dadila espero dut".