Itxi

16. jardunaldia

Athleticek puntu bat eskuratu du Granadan (1-1), Nuevo Los Carmenesen jarraitu duten partidan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Igandean, norgehiagoka 17. minutuan bertan behera utzi zuten, emaitza 0-1ekoa zela. Astelehenean, Ernesto Valverderen taldeak hurbil izan du bigarren gola, lehen zatiko jokaldi batzuetan; bigarren zatian, zorte txarreko jokaldi batean, Iñigo Ruiz de Galarretak bere atean sartu du banakoa.

Unai Simon, Granadako neurketan. Argazkia: EFE.

Athleticek eta Granadak 1-1 berdindu dute astelehenean, Nuevo Estadio de Los Carmenes futbol zelaian, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako hamaseigarren jardunaldian, 17. minutuan jokatzen jarraitu duten partidan; izan ere, igandean bertan behera utzi zuten neurketa, aipatutako minutuan, zelaian zegoen ikusle baten heriotzagatik. Iñaki Williamsek, igandean, aurretik jarri zuen Athletic, 6. minutuan, eta Granadak astelehenean berdindu du, 55.ean, Athleticek bere atean sartutako gol baten bidez; Iñigo Ruiz de Galarretak, zorte txarreko jokaldi batean, banakoa sartu du, nahi gabe.

Granada-Athletic partidaren laburpena (1-1)

Athletic, lehen zatian, aurreneko minutuko jokaldia kenduta (orduan, Unai Simonek geldiketa bikaina egin zuen, Uzuniren aurrean), nagusi izan da, eta arriskua sortu du aurkariaren area barruan; atsedenaldiaren ostean, baina, etxeko taldeak biziago egin du presioa, eta berdinketa lortu du, eskuinaldetik ondo egindako jokaldi baten ondorioz. Hortik aurrera, Athletic ahalegindu da berriro ere gora egiten, bigarren golaren bila, eta aukera batzuk sortu ditu, baina, azkenean, emaitza 1-1ekoa izan da.

Tesuinguru horretan, Iñaki Williamsek, lehen zatiko seigarren minutuan, buruz, 0-1ekoa sartu zuen, Iñigo Lekuek ezkerretik egindako erdiraketa ona baliatuz. Granadan sartutakoa zenbatuta, aurrelari bilbotarrak zortzi gol daramatza Ligan, eta maiz ari da asmatzen aurkarien ate aurrean. Astelehenean, buruz ere, beste gol bat sartzetik gertu-gertu izan da, baina baloiak Andre Ferreiraren langa jo du.

Gorka Guruzetak baloia trebe lapurtuta, Oihan Sancetek abagune bikaina izan du, baina nafarrari kanpora joan zaio jaurtiketa. Aurretik, Nico Williams, ezkerretik, Rayo Vallecanoren eta Cayonen aurkako partidetan gol bana sartu zituen jokaldiak egiten saiatu da, eta baloia oso gutxigatik joan zaio, zutoinaren ondoan.

Bigarren zatian, Granadak, sailkapenean duen egoerak estututa, indar handiagoz egin du gora, eta laster sartu du berdinketa. Etxeko taldea, 55. minutuan, ondo sartu da eskuinaldetik, Ricardek erdiraketa egin du, eta Iñigo Ruiz de Galarretak bere atean sartu du gola; eibartarra atzetik zihoan, eta nahi gabe egin du aldentzea bere aterantz.

Ander Herrerak eta Aitor Paredesek, Arrigorriagako erdiko atzelariak korner batean, aukera onak izan dituzte Athletici garaipena emateko, baina, azkenean, puntu banaketa izan da. Hala, Athleticek bosgarren postuari eutsi dio, lehen itzulia amaitzeko hiru partida gelditzen direla; zuri-gorriek 29 puntu dituzte, Realak beste.

Fitxa teknikoa

1 - Granada: Andre; Ricard, Ignasi Miquel, Torrente, Carlos Neva; Sergio Ruiz (Antonio Puertas, 90. min), Gumbau, Gonzalo Villar (Petrovic, 78. min); Bryan, Uzuni eta Lucas Boyé (Callejón, 78. min).

1 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Yuri, 66. min), Vivian, Paredes, Lekue; Prados (Nolaskoain, 88. min), Ruiz de Galarreta (Ander Herrera, 79. min); Iñaki Williams (Berenguer, 79. min), Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta (Villalibre, 66. min).

Golak: 0-1, 6. min: Iñaki Williams. 1-1, 55. min: Ruiz de Galarreta, bere atean.

Epailea: Ortiz Arias (Madril). Nico Williamsek eta Yurik ikusi dute txartel horia.

Gertakizunak: Ligako16. jardunaldiko partida, Nuevo Los Carmenes futbol zelaian; 12.849 zale izan dira. 17. minutuan hasi dira berriro jokatzen neurketa, igandean bertan behera utzi zuten, Granadako bazkide baten heriotzagatik.

 

Albisteak (4)