Itxi

Transferentziari baietza

Bayern Munichek Javi Martinezen fitxaketa baimendu du

Erredakzioa

Klubeko presidenteak baieztatu du taldearen fitxaketak onartzeaz arduratzen den organoak Athleticeko jokalaria fitxatzeko baimena eman diola.

Javi Martinez, Athleticeko azken lagunartekoan. Argazkia: EFE.

Bayern Municheko kontrol organoak, taldearen fitxaketak baimentzen dituen batzordeak, Javi Martinezi ateak ireki dizkio, Uli Hoeness talde alemaniarreko presidenteak baieztatu duenez. “Bayern Municheko Zaintza Batzordeak fitxaketa baimendu du, eta hurrengo egunetan jakingo dugu fitxaketa egiten den”, esan du Hoenessek.

Atzo Bayern Munichek ezeztatu egin zuen Javi Martinez fitxatu izana, Bild egunkari sentsazionalistak eginda zegoela zabaldu ondoren. Orain, baina, bere kontrol organoak Athleticeko jokalaria fitxatzea baimendu duela eman du jakitera talde alemaniarrak. Zaintza Batzordeak du fitxaketak onartu eta horien salneurriak baimentzeko agintea.

Atzo Bild-ek iragarritakoaren arabera, Josu Urrutiak, Athleticeko presidenteak, ez du negoziatu nahi izan, eta Bayern Munichek Javi Martinezen kontratua desegiteko behar zen diru guztia ordaindu du. Horretarako, Javi Martinezek urteko soldata bi milioi jaistea erabaki omen du, talde alemaniarrak 10 milioi aurrezteko (5 denboralditarako da kontratua).

Bayern Municheko presidenteak fitxaketa lehenbailehen ixtea espero du. Mathias Sammer kirol zuzendaria arduratzen da fitxaketez. “Negoziazioei buruzko informazioa daukat, eta arrakasta izatea espero dut. Ez dakit jadanik bukatu diren”, esan du Hoennessek.

Albisteak (1)