Itxi

Berritzea

Sara Ortegak kontratua berritu du Athleticekin 2026ra arte

AGENTZIAK | EITB MEDIA

18 urteko aurrelari gazteak bi urtez luzatu du talde zuri-gorriarekin zuen akordioa, beste bat gehitzeko aukerarekin.

Sara Ortega, berritzearen kamisetarekin. Argazkia: Athletic Club

Athleticek eta Sara Ortegak (18 urte) jokalariaren kontratua bi denboraldiz luzatzeko akordioa lortu dute, 2026ko ekainaren 30era arte, beste bat gehitzeko aukerarekin. David Aznar entrenatzailearen jokalari finkoetako bat da futbolari zuri-gorri gaztea: Munduko txapeldun izan zen 17 urte azpiko mailan, eta Europako txapelduna, 19 urtez azpikoan. Denboraldiko 14 neurketa ofizialetatik 13 jokatu ditu.

Logroñokoa da Ortega, eta 11 urte zituela hasi zen Lezaman entrenatzen, teknifikazioan. Ondoren, 2019az gero dabil Athleticen jokatzen, kadete mailan hasita.

2022ko urtarrilean, Iraia Iturregik eman zion debuta egiteko aukera Racingen kontrako Kopako norgehiagoka batean, Torrelavegan, eta orduan egin zuen haren lehen gola. Urte horretan, hamaika partida jokatu zituen titular gisa, eta beste lautan ordezkoa izan zen. Gol bat sartzeaz gain, 1. RFEF mailan jokatzen zuen filialarekin ere jardun zuen. Denboraldi honetan, lehen mailan finkatzen ari da. Nahiz eta gaztea izan, ezinbesteko jokalaria da taldearentzat.

Ortega oso pozik agertu da astelehen honetan, San Mamesen sinatu duen berritzean: "14 urte nituela heldu nintzen klubean jarraitu ahal izatea ametsa da niretzat. Lezamako maila guztietan ibili naiz: Kadete mailan, C zein B filialetan, eta orain lehen mailan minutu gehiago lortzeko borrokan jarraitzeko ordua da, futbolari gisa hazten segitzeko. Entrenatzailearen konfiantza sentitzen dudanez, ilusioz betetako denboraldia da". 

Albisteak (2)

Bideoak (1)