Itxi

Lesioa

Guruzetak giharretako lesioa du, eta zalantza da Almeriaren partidarako

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Athleticeko aurrelariak zelaia utzi behar izan zuen Errege Kopako Atleticoren kontrako partidan, ezker hankako muskulatura iskiosuralean min hartu zuelako, klubak ohar batean jakinarazi duenez.

Gorka Guruzetaren artxiboko irudia, Realaren aurkako derbian. EFE

Gorka Guruzetak giharretan min hartu zuen asteazkenean, Atletico Madrilen aurka Civitas Metropolitanon jokatutako Errege Kopako partidan. Oraingoz, zalantzan dago Athleticen hurrengo neurketetan jokatu ahal izango duen ala ez. Lehen hitzordua astelehenean izango dute zuri-gorriek, Almerian (21:00etan).

Athleticek azaldutakoaren arabera, Guruzeta "ordezkatu egin behar izan zuten Atleticoren kontrako norgehiagokan, ezker hankako muskulatura iskiosuralean min hartuta".

Hortaz, Guruzetak Nico Williamsekin bat egingo du taldeko bajen zerrendan. Nicok Mallorcaren aurkako San Mameseko partidan hartu zuen min, eta aduktorean du lesioa.

Taldeak atseden hartuko du ostiralean, baina larunbatean eta igandean entrenatu egingo dute asteleheneko hitzorduari begira.

Albisteak (3)