Itxi

LaLiga EA Sports

Garaipen ikusgarria lortu du Athleticek Gironaren aurka, San Mamesen (3-2)

L. E. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Berenguer (bi) eta Iñaki Williams izan dira zuri-gorrien golegileak. Gironaren golak Tsygankovek eta Eric Garciak egin dituzte.

Iñaki Williams, Athleticen hirugarren gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Athleticek garaipena lortu du LaLiga EA Sportseko 25. jardunaldia itxi duen partidan. Bilbotarrak Gironari, Ligako bigarren saikatuari, gailendu zaizkio Berenguerrek eta Iñaki Williamsek egindako golei esker. Michelen taldearen golak Tsygankovek eta Eric Garciak egin dituzte.

Lehoiek neurketa hasi eta berehala egin dute gola, erritmo handia izan duen lehen zatiko bigarren minutuan. Berenguerrek ondo aprobetxatu du Aleix Vidalek pasean egindako huts nabarmena, jaurtitzeko posizioa bilatu eta aurkitu du eta baloia Gazzanigaren atean sartu du. Gironako atezainak ezer gutxi egin ahal izan du jokalari zuri-gorriak egindako jaurtiketa gogor eta neurtua desbideratzeko.

8. minutuan, Iñaki Williamsek bigarrena egiteko aukera argia izan du, baina oso gaizki errematatu du eta baloia kanpora joan da.

Kataluniarrek ere erasora jokatu dute, eta lehen abisua eman dute hurrengo jokaldian, baina Unai Simonek erantzun ona eman dio Tsygankoven jartiketari. Ukrainarrak lanak eman dizkio bibotarren defentsari.

Williamsek beste aukera bat izan du 24. minutuan, baina baloiak zutoinaren kanpoko aldean jo du. Ondoren, Iñigo Lekue lesionatu egin da eta Valverdek Oscar de Marcos sartu behar izan du bere ordez.

Lehen zatiko azken minutuetan Yangel Herrerak eta Williamsek izan dituzte aukerak. Bilbotarrak buruz errematatu du Yurik egindako erdiraketa ona, baina atearen erdira bidali du baloia eta Gazzanigak ondo harrapatu du baloia.

Athletic merezita iritsi da markagailuan aurretik atsedenaldira; aukera gehiago izan ditu, Gironak jabetza handiagoa izan duen arren.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Gironak banakoa egin du. Tsygankov izan da golegilea, Ivan Garciaren erdiraketa aprobetxatuta.

Michelen taldeari gutxi iraun dio pozak, bost minutu geroago Berenguerrek 2 eta 1ekoa egin baitu, Guruzetak errekuperatutako baloi batean.

3 eta 1koa ere berehala iritsi da, 60. minutuan, Yerayk Iñaki Williamsi egindako pase luze bikain baten ondorioz.

Azken aukerak

Gironak 3 eta 2koa egin du 75. minutuan, Eric Garciaren bitartez, falta jaurtiketa baten ondorioz errematatutako erdiraketa batean. Michelen taldeak eskura izan du berdinketa 95. minutuan, baina Vivianek gol lerrotik oso gertu atera du, buruarekin, baloia.

Azkenean, Athletic garaile. Bizkaitarrek Txapeldunen Ligako postuen lehian jarraitzen dute.

Fitxa teknikoa

3 - Athletic: Unai Simon; Lekue (De Marcos, 30. min), Vivian, Yeray (Paredes, 86. min), Yuri; Prados (Vesga, 86. min), Galarreta; Iñaki Williams, Unai Gomez (Sancet, 74. min), Berenguer; eta Guruzeta (Nico Williams, 74. min).

2 - Girona: Gazzaniga; Arnau Martinez (Valery, 74. min), Eric GarcIa, Juanpe, Miguel GutiErrez; Aleix GarcIa, Herrera (John SolIs, 89. min); Tsygankov (Stuani, 89. min), Ivan Martin (Portu, 74. min), Savio; eta Dovbyk.

Golak: 1-0, m.2: Berenguer. 1-1, m.48: Tsyganov. 2-1, m.56: Berenguer. 3-1, m.60: Iñaki Williams. 3-2, m.75: Eric Garcia.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez (Murtziako batzordekoa). Txartel horia atera dio Athleticeko Lekueri (25. min) eta Gironako Juan Carlosi (eserlekuan zegoela, 20. min).

Bideoak (1)