Berritzea
Guruzetak 2028ra arte jarraituko du Athleticen
EITB MEDIA
Aurrelari donostiarra Athleticeko golegile nagusia da denboraldi honetan, Iñaki Williamsekin berdinduta. 2028ko ekainaren 30era arte berritu du kontratua.
Athleticek eta Gorka Guruzetak 2028ko ekainaren 30era arte kontratua berritzea adostu dute, datozen lau denboraldietarako. Aurrelari donostiarrak hamar gol sartu ditu aro honetan, eta zurigorrien golegile nagusia da, Iñaki Williamsekin berdinduta. Berritzea astearte goizean sinatu dute, San Mamesen, Jon Uriarte presidentearekin eta Mikel Gonzalez futbol zuzendariarekin.
Guruzeta Ernesto Valverderen erreferentziazko aurrelaria da gaur egun. Duela bi uda iritsi zen klubera, Amorebieta futbol taldetik.
Denboraldiaren herena jokatzeke, Guruzetak 26 partida jokatu ditu sasoi honetan; Athleticen, guztira, 72. Antiguoko KE taldean hezitako futbolaria oso pozik agertu da adostutako akordioagatik. Zuzendaritzak zehaztutako bidean, soldata finkoa izango du, helburuak lortzeagatik ezarritako aldagarriez gain. Guruzetak ostegun honetan egingo du agerraldia hedabideen aurrean, 10:15ean, Lezaman.