ERREGE KOPA
Yurik lesio muskularra du eta zalantza da Kopako partidarako
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Lekue eta Ander Herrera ere zalantza dira osteguneko partidarako
Yuri Berchiche Athletic Clubeko jokalariak Betisen aurkako igandeko partidan lesioa izan zuen eskuineko hankako muskulatura iskiosuralean. Hori dela eta, ia baztertuta dago San Mamesen Atletiko Madrilen aurka ostegunean jokatuko duten Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida jokatzeko.
Talde bilbotarrak astelehen honetan aditzera eman duenez, Yurik lesioa du muskulatura iskiosuralean eta jokalaria proba osagarrien zain geratu da.
Ondorioz, Yuri zalantza da Kopako partidarako, Iñigo Lekue eta Ander Herrerarekin batera. Bi horiek ere lesio muskularrak dituzte.
Athleticeko atzelaria eta erdilaria jokatzeko prest izango diren ala ez, ez da asteazkenera arte jakingo. Orduan egingo dute azken entrenamendua eta 17.00etan Ernesto Valverdek prentsaurrekoan emango du eta partidarako deialdia.
Astelehenean, Betisen aurka aritu zirenek errekuperazio sesioa izan dute Lezaman. Lekue bere kabuz aritu da, baina baloiarekin aritu da, eta errirmo onean.
Lezamako zelaian agertu ez dena Yeray Alvarez da. Erdilaria aulkian egon zen Betisen aurkako neurketan, baina molestiekin, larunbateko entrenamenduan egindako bihurdura baten ondorioz. Egoeraren berri Ernesto Valverdek eman zuen partidaren osteko prentsaurrekoan.