Errege Kopako finala
Athleticek martxoaren 14an egingo du Kopako finalerako sarreren zozketa
EITB Media
Bazkideek martxoaren 6tik 11ra izango dute izena emateko aukera, eta martxoaren 14an egingo da zozketa. Klubak jakinarazi du hilaren 5ean emango dituela argibide gehiago.
Athleticek datorren asteartean, martxoaren 5ean, argitaratuko ditu 2024ko Errege Kopako finalerako sarreren banaketarekin lotutako oinarriak eta gainerako informazio gehigarria. Finala apirilaren 6an jokatuko da, Sevillako Cartuja estadioan.
Klubak aurreratu du zozketarako izena emateko epea martxoaren 6ko 10:00etan zabalduko dela bazkideentzat, eta martxoaren 11ko 18:00ak arte egongo dela irekita. Zozketa martxoaren 14an egingo da, ostegunean.
Izen-ematea Bazkideen Txokoan egin beharko da, horretarako bereziki ezarriko den atalean. Izena taldean emateko interesa dutenek hala egin ahalko dute, baina gehienez ere lau kidek eman ahalko dute izena batera.
Athleticen esanetan, bazkide guztiek dute zozketan parte hartzeko eskubidea, baina kontuan hartuko da denboradian zehar zenbatetan joan diren San Mamesera. Hori guzti hori, zozketa egiteko eta sarrerak banatzeko prozesuaren oinarrietan jasota egongo da, klubak abuztuan jakinarazi zuenez.
Horrez gain, klubak adierazi duenez, martxoaren 3an Bartzelonaren kontra EA Sports Ligan jokatuko duen partida ere izango da kontuan finalerako sarreren zozketarako. Horrela, hauek dira bazkideen bertaratze kopurua zehazteko kontuan hartuko diren 17 neurketak: Real Madril (Liga), Betis (Liga), Cadiz (Liga), Getafe (Liga), Almeria (Liga), Valentzia (Liga), Celta (Liga), Rayo Vallecano (Liga), Atletico Madril (Liga), Las Palmas (Liga), Reala (Liga), Alaves (Kopa), Bartzelona (Kopa), Mallorca (Liga), Girona (Liga), Atletico Madril (Kopa) eta Bartzelona (Liga).