Fitxaketa
Athleticek Alvaro Djalo fitxatzeko akordioa itxi du Bragarekin
EITB MEDIA
Jokalaria datorren ikasturtean hasiko da zuri-gorriekin lanean, datozen bost denboraldietarako kontratuarekin. Basaurin eta Bilbon hezi ostean, Portugalen jokatu du 17 urte zituenez gero.
Athleticek eta Bragako Sporting Clubek akordioa lortu dute Alvaro Djalo aurrelaria fitxatzeko, eta 2024/2025 denboraldian hasiko da lantalde zuri-gorrian, bost denboraldiko kontratuarekin (2029ko ekainaren 30era arte).
24 urte ditu Djalok, eta hiru hilabete zituela iritsi zen Bizkaiara. Basauriko UD San Miguelen eta Bilboko SD Begoñan trebatu zen futbolean, 17 urterekin Portugalera joan aurretik. Han hazten jarraitu du, eta aurtengo denboraldian hamalau gol sartu ditu (horietako bost Txapeldunen Ligan eta bat Europa Leaguen).
Djalok aurrelari edo erdilari aurreratu gisa joka dezake, baita bi hegaletan ere. Duen abiadura eta baloi jaurtiketagatik ez ezik, geldikako jokaldietan duen abileziagatik ere nabarmentzen da.