Errege Kopako finala
Athletic Hiria 500 metro lekualdatu dute, "egokiagoa den kokapen batera", eta pantaila erraldoia izango du
EITB MEDIA
Apirilaren 6an Sevillan jokatuko duten Kopako finalean, Athleticeko zaleentzako gunea Andaluziako Arte Garaikideko Zentroan izango da, azkenean, alegia, hasieran iragarritako kokapenetik 500 metrora, eta pantaila erraldoi bat eta pantaila txikiago batzuk izango ditu.
Athletic Hiria, azkenean, Andaluziako Arte Garaikideko Zentroan jarriko dute, hau da, Magallanes parketik 500 metrora (hori zen hasiera batean iragarritako kokapena), eta pantaila erraldoi bat eta pantaila txikiago batzuk izango ditu, bertan ikusi ahal izateko, apirilaren 6an, Errege Kopako finala; Athleticek eta Mallorcak jokatuko dute final hori. Bilboko klubak eman du jakitera informazio hori, asteazkenean; Athleticeko zaleentzako gune berri hori, klub zuri-gorriaren iritziz, "askoz ere egokiagoa da, espero den athleticzale uholdea jasotzeko".
Athleticek zehaztu duenez, "Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak, Andaluziako Gobernuak eta Espainiako Futbol Federazioak onartu egin dute Athleticek proposatutako Athletic Hiriaren kokapen aldaketa, eta espazio berriak, zuhaitzik gabekoak eta edukiera handiagokoak, partida ikusteko pantailak jartzeko aukera ematen du".
Athletic Hiria kokatuko den gune berria, euskal klubak gehitu duenez, "Triana auzotik gertu dago", aurrekoa ere zegoen bezala.
Kopako finala apirilaren 6an jokatuko dute, larunbatez, eta 22:00etan hasiko da. Athleticek ostegunean zozkatuko du, martxoaren 14an, bere bazkideen esku jarri dituen 17.848 sarrerak.
Halaber, asteazken honetan bertan, Indarkeriaren aurkako Batzordeak erabaki du finala "arrisku handiko partida" izango dela.