Itxi

EA SPORTS LIGA

Athleticek mendean hartu du Alaves, Guruzetak bi gol eginda (2-0)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Partida hutsean zihoanean eta Alaves hobeto ari zenean, Luis Riojak jaurtitako penaltia gelditu egin du Unai Simonek, eta ondoren iritsi dira Athleticen bi golak.

Gorka Guruzeta, Alavesi egindako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 2-0 irabazi dio Alavesi larunbat gauean San Mamesen jokatutako derbian. Zuri-gorrien bi golak Guruzetak sartu ditu, eta Unai Simon erabakigarria izan da, partida hutsean zihoanean eta arabarrak hobeto ari zirenean, penalti bat gelditu duelako.

Gauzak horrela, eta igandean Atletico Madrilek lor dezakeen emaitzaren zain, Athleticek laugarren tokira egin du salto sailkapen nagusian. Alavesek, berriz, 13. lekuan jarraituko du, jaitsierako postuetatik hamar puntura.

Lehen zatia zirraragarria eta maila handikoa izan da. Athletic, betiko moduan, indartsu atera da, presioa goian eginez eta, baloia eskuratu ahala, Alavesen atera ahalik eta azkarren iritsi nahian, Williams anaien abiadura baliatuta.

Hala, bosgarren minutuan, Iñaki Williams bakarrik geratu da Siveraren aurrean, eta baloia sarera bidali du, baina epaileak baliogabetu egin du gola, jokoz kanpo zegoelako.

Alaves ondo kokatu da zelaian, eta norgehiagokaren lehen hamabost minutuetan, Valverderen taldeari kosta egin zaio ohiko jokoa egitea. Lehendabiziko kontraerasoan, gainera, gola sartzeko aukera garbia izan dute arabarrek, baina Guridik huts egin du area barrutik egindako jaurtiketa, eta Unai Simonek baloia atean sartzea saihestu du, justu-justuan izan bada ere.  

17. minutuan, epaileak partida gelditzeko agindua eman du, larrialdietarako zerbitzuek pertsona bat artatu behar izan dutelako harmailetan. Etenaldi horren ostean gertatu dira norgehiagokako bi jokaldi erabakigarriak.

29. minutuan, Nico Williamsek falta egin dio Gorosabeli area barruan, eta epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi du. Alabaina, Unai Simonek gelditu egin du Luis Riojaren jaurtiketa, eta hurrengo minutuan, Guruzetak gola sartu du, Nico Williamsen jokaldi ikusgarri bati amaiera ezin hobea emanda.

Zoramena piztu da San Mamesen, eta une horretatik aurrera, zuri-gorriak gailendu dira, eta oldarraldi betean, bigarren gola iritsi da 37. minutuan. Guruzuetak egin du, eta jokoz kanpo ez zegoela argitu ostean igo da markagailura.

Huts egindako penaltiak eta ondoren jaso dituen bi golek min handia egin diote Alavesi, eta lur jota joan dira aldageletara, lehen laurdenean ondo aritu badira ere. Atsedenaldiaren ondotik, partidan ez da aldaketa nabarmenik izan.

Arabarrak saiatu dira gol bat egiten, norgehiagokan sartzeko asmoz, baina ez dute ahalmenik izan arrisku nahikorik sortzeko. Athleticek, berriz, bereari eutsi dio. Presioa eginez, Siveraren atea azkar bilatu du, baina ez da gai izan hirugarren gola egiteko eta partida behin betiko ixteko, hainbat aukera izan dituen arren.

Hor amaitu da partida. Athletic Txapeldunen Ligako postuetan da, eta Kopako finalari begira. Alavesek, ostera, Lehen Mailari eusteko borrokan jarraitu beharko du hurrengo jardunaldietan, jaitsiera postuetatik 10 puntura badago ere. 

FITXA TEKNIKOA

2 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Lekue; Prados (Dani Garcia, 69. min), Galarreta (Vesga, 81. min); Iñaki Williams, Unai Gomez (Muniain, 69. min), Nico Williams (Berenguer, 77. min); Guruzeta (Raul Garcia, 77. min).

0 - Deportivo Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenaglia, 77. min), Rafa Marin, Abqar, Javi Lopez; Guevara (Benavidez, 69. min), Blanco, Guridi (Hagi, 58. min); Vicente, Rioja (Kike Garcia, 58. min); eta Samu Omorodion (Giuliano Simeone, 69. min).

Golak: 1-0, 32. min: Guruzeta. 2-0, 37. min: Guruzeta.

Epailea: Alejandro Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Nico Williams (54. min) eta Raul Garcia (93. min) zuri-gorriei, eta Benvidez (80. min), Abqar (86. min) eta Blanco (92. min) babazorroei.

Gertakariak: EA Sports Ligako 29 jardunaldia. 48.257 ikusle izan dira San Mamesen.