Kopako finala
Zozketan saritutako Athleticeko bazkideak martxoaren 25ean hasiko dira finaleko sarrerak erosten, astelehenean
EITB MEDIA
Bilboko klubak xehetasunak eman ditu, asteazkenean, apirilaren 6an izango den Kopako finaleko sarrerak erosteko prozesuaren gainean. Sarrera bat erosteko eskubidea duen bazkide bakoitzak datorren asteko egun bat du zehaztuta, eta egun horretatik aurrera egin ahalko du erosketa, soilik online.
Errege Kopako finalerako sarreren zozketan saria izan zuten Athleticeko bazkideak datorren astelehenean hasiko dira sarrera horiek erosten, hau da, martxoaren 25an, Bilboko klubak asteazkenean iragarri duenez. Klub zuri-gorriak xehetasunak eman ditu apirilaren 6an izango den eta Sevillako Cartuja zelaian jokatuko duten Athletic-Mallorca Kopako finaleko sarrerak erosteko prozesuaren gainean; hala, sarrera bat erosteko eskubidea duen bazkide bakoitzak datorren asteko egun bat du zehaztuta, hilaren 25etik 29ra bitartean, eta egun horretatik aurrera egin ahalko du erosketa, soilik online, Espainiako Futbol Federazioaren ordainketa plataforma baten bidez. Martxoaren 30ean, alegia, sarrerak erosteko azken egunean, zozketan saritutako edozein bazkidek izango du aukera, oraindik, sarrera erosi eta bereganatzeko.
Zozketan saria izan zuten Athleticeko bazkideek 17.848 sarrera dituzte eskuragarri, eta klub zuri-gorriak zehaztu du merkeenek 40 euroko prezioa izango dutela, ikuspen gutxiko ikusgarritasuneko sarrera batzuen kasuan, eta garestienak, ordea, 220 eurokoak izango direla.
Cartujan izateko aukera duten bazkide guztiek Athleticek bidalitako posta elektroniko bat jasoko dute, eta, horretan, Espainiako Federazioaren erosketa plataformarako sarbidea izango da; kontuan izanik bakoitzak zozketan saria izan zuen zein zenbaki duen, futbol zelaian zer tokitan egon nahi duen aukeratu ahalko du, eta hori ordaindu, egun zehatz batetik aurrera.
Athleticeko hainbat bazkidek binaka edo hiruko edo lauko taldetan eman zuten izena zozketan; talde horietan, talde buruak izango du erosketa gauzatzeko ardura. Euskal klubak nabarmendu du birsalmenta "erabat debekatuta" dagoela, "legez", eta ohartarazi du, halaber, "ofiziala ez den edozein salmenta kanalen aurrean".
Erosketa, arestian esan bezala, online egin behar da, halabeharrez, eta sarrerak digitalak izango dira, ez da sarrera "fisikorik" izango. Sarrerak finalaren arratsaldean aktibatuko ditu Espainiako Federazioak, partida hasi baino lau ordu lehenago, hau da, 18:00etan (finala 22:00etan hasiko da). Sarrera bakoitzak hori erabiliko duen zalearen NAN zenbakia eta izen-abizenak izango ditu jasota; horrek ez du zertan izan zozketan saria izan duen bazkidea bera, baina sarrerako datuek bat egin behar dute, nahitaez, erabiliko duen zalearen NANeko datuekin.