Berritzea
Aitor Paredesek kontratua berritu du Athleticekin, 2029ra arte
EITB MEDIA
Erdiko atzelariak datozen lau denboraldietarako berritu du klubarekin duen lotura, 2029ko ekainaren 30era arte, ostegun honetan iragarritakoaren arabera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek eta Aitor Paredesek akordioa lortu dute jokalariaren kontratua lau denboraldiz luzatzeko, 2029ko ekainaren 30era arte. Arrigorriagako erdiko atzelariak alebina zenetik jokatu du Lezaman, eta datorren denboraldi amaierara arte zuen kontratu indarrean. Sasoi honetan, lehen taldearekin jokatutako 49 neurketetatik 32 pilatu ditu.
Paredesek ostegun honetan sinatu du kontratu berria San Mamesen, Jon Uriarte Athleticeko presidentearekin. Zuzendaritzak ezarritako ildoari jarraituz, soldata finkoa izango du, helburuen araberako aldagarriez gain.
¿ #AitorParedes2029 pic.twitter.com/UaOYxbWuxp
— Athletic Club (@athletic_eus) March 21, 2024
Mikel Gonzalez klubeko kirol zuzendaria pozik agertu da erabakiarekin: "Oso albiste ona da Aitorrek gurekin jarraitzea: gaztea da, eta oso ondo ari da jokatzen, baita egoera zailenetan ere".
Ondoren gaineratu duenez, "eredugarria da; izan ere, Lezaman oso gaztea zela hasi zen, eta lehen taldera iristeko bide osoa egin du. Aitorrekin urte horietan guztietan lan egin duten Lezamako langileak harro egoteko modua da".
"Athleticen bilatzen dugun erdiko atzelariaren profila du erabat. Indartsua, erasokorra, azkarra eta aurrealdera defendatzeko gaitasun handia du. Horrez gain, garbi du jokaldiak nola hasi, eta erraztasunez jokatzen du ezkerretik ere, nahiz eta eskuina izan", esan du Gonzalezek.