KOPAKO FINALA
Athleticeko zaleak Mallorcakoen artean egon ahalko dira elastiko eta bereizgarri zuri-gorriak aldean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mallorcako zaleentzako gunean jarraitzaile zuri-gorri ugari egotea aurreikusten da.
Errege Kopako finalean Sevillako Cartuja estadioan Mallorcako jarraitzaileentzat egokitutako gunean egongo diren Athletic Clubeko zaleek euren taldearen kamisetak eta bereizgarriak eraman ahalko dituzte, Bilboko klubak gaur goizean jakitera eman duenez, Espainiako Futbol Federazioarekin (RFEF) eta Polizia Nazionalarekin bildu eta gero.
"Finalaren aurretik Espainiako Futbol Federazioko segurtasunaren eta Polizia Nazionalaren arteko bilera egin ondoren, bi erakundeek Athletic Clubi jakinarazi diote Mallorcako zaleen gunean elastiko eta bereizgarri zuri-gorriak sartzen utziko dituztela", zabaldu du Athleticek bere sareetan.
Horrela, nahiz eta partida arrisku handikotzat jo (horrek talde bakoitzeko zaleak harmailetan elkarrengandik bereizita egotera behartzen du), ez da eragozpenik egongo Mallorcako zaleentzako gunerako sarrerak erosi dituzten zale zuri-gorriak (ehunka izango dira, aurreikuspenen arabera) estadioan beren taldearen koloreekin egoteko.
Sarreren aktibazioa aurreratu dute
Kopako finala ikusi ahal izateko Cartuja estadiora sartzeko sarrerak 09:00etatik aurrera aktiba daitezke. Partida hasi baino lau ordu lehenago aktibatu ahalko direla jakinarazi bazuten ere, prozesuaren hasiera aurreratzea erabaki dute, deskargatzeko garaian izan litezkeen arazoak saiheste aldera.
Horren aurrean, sarrerak "ahalik eta lasterren" aktibatzeko eskatu die Athleticek zaleei.