Itxi

Ospakizunak

Athleticeko jokalariek Bilboko erdigunean ospatu dute Kopa, ehunka zalerekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bizkaiko hiriburuko kaleetara irten ziren taldekideak, hiritarrekin Kopa ospatzeko asmoz, Asier Villalibreren txaranga lagun zutela. Ehunka zale batu ziren festara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Athleticeko jokalariek joan den larunbatean Sevillan irabazitako Errege Kopa ospatu zuten astearte gauean Bilboko erdigunean, Asier Villalibreren txarangak girotutako bat-bateko festa batekin. Ehunka lagun bildu ziren haien jaira.

Sare sozialetan argitaratutako hainbat bideotan ikus daitekeenez, Iker Muniainek girotu zuen ospakizuna, lagun baten bizkarrera igota. Geroz eta jende gehiago hurbiltzen joan zen, gazteak gehienbat.

Muniain berak honako mezu hau argitaratu zuen gauerdian, sareetan: "Ostegun honetan gabarran egingo dugun festarako giroa berotzen joatea erabaki dugu gaur arratsaldean, eta izugarria izan da zuokin guztiokin bizi ahal izatea. Gozamena da jendeak erakutsitako tratua, maitasuna eta laguntza. Onenak zarete! Aupa Athletic!".

Athleticek ere partekatu du Albia lorategian amaitu zen jaiaren bideo bat. "Naturaltasun hori, zure zaleekin ospatzeko nahia, bat gehiago balira bezala. Eta athleticzaleak ere bat gehiago izatea. Oso polita!", nabarmendu du klubak sareetan. Ereserkiaren "Herritik sortu zinalako maite zaitu herriak" esaldia gehitu du mezuan.

Harmailetatik animatzen ariko balira bezala, astearte gauean gehien abestutako kantua Muniainek beste bideo batean aurreratutakoa izan zen, zaleei ostegunerako ikas dezaten eskatuz. 

"Hau da Athletic ospetsua, Athletic ospetsua. Eta txapeldunak dira, aupa Athletic txapeldun", oihukatu zuten sarritan, kapitainak animatuta.

Albisteak (4)

Bideoak (4)