25. Errege Kopa
Athleticek eta gabarrak zenbait belaunaldi elkartuko dituzte, ospakizun historiko batean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilbon eta Bizkaiko hiriburuaren metropoli barrutian milioi bat pertsona inguru batzea aurreikusi dute, itsasadarraren ertzetan batik bat, lehoiak omentzeko festan. EITBk, ETB1en eta eitb.eus-en bidez, zuzenean emango du, 15:45etik aurrera.
Bilbo eta Bizkaia ostegun honetarako prestatzen ari dira, Athleticek joan den larunbatean Sevillan irabazitako Errege Kopa gabarrarekin ospatzeko. Klub zuri-gorriaren garaipenen ikurra da ontzia, eta Bilboko itsasadarrean barrena ibiliko da berriz, 40 urte eta gero. EITBk, ETB1en eta eitb.eus-en bidez, zuzenean emango du, 15:45etik aurrera.
Ontzia ia objektu mitologiko bilakatu da athleticzaleen hainbat belaunaldirentzat, azken lau hamarkada hauetan. Izan ere, nahigabe askoren eta loria berriz ukitzeko saiakera ugariren ostean, hunkitu egin ahalko dira zaleak, 1983 eta 1984 urteetako ospakizunetako sentipenak gertutik bizita.
Sekulako festa izatea espero da, Bilbon eta Bizkaiko hiriburuaren metropoli barrutian, itsasadarraren ertzetan batez ere, milioi bat pertsona inguru egotea aurreikusi baitute, lehoiak omentzeko. Era berean, segurtasun-neurriak historikoak izango dira, 1.200 langile baino gehiago arituko baitira lanean, Larrialdien Arretarako Euskal Zerbitzuak koordinatuta: 400 ertzain eta 200 udaltzain, besteak beste. Horrez gain, Estatuko Administrazio Orokorrak 15 itsasontzi eta 100 guardia zibil jarriko ditu.
160 ontzik lagunduko dute gabarra, ibilbideko hamar kilometroetan. Horietatik 110 pribatuak dira, eta 250 eta 3.000 euro artean ordaindu behar izan dituzte, tamainaren arabera, ekitaldian parte hartu ahal izateko. Horiez gain, Bizkaiko 32 traineru ez ezik, ospakizunaren segurtasuna eta ordena ziurtatzeko lana izango duten ontzi batzuk ere uretan izango dira.
Athletic gabarra hirugarren aldiz irtengo da, klubaren lorpen garrantzitsu bat ospatzeko
Hirugarrenez irtengo da gabarra, Athleticentzako harrera batean, talde zuri-gorriaren titulu handi baten ospakizunean. Cecilio Gerrikabeitia 1983ko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Fernando Otxoa gerenteak, Olabeagako Acero Clubak 1924an egindako ospakizun bati berrekinda, gabarra ateratzea eskatu zuten, 1983ko maiatzaren 3an, Ligan lortutako garaipena ospatzeko, eta orduan irten zen lehen aldiz.
Handik urtebetera, 1984ko maiatzaren 7an, atera zuten bigarrenekoz. Egun hartan, aurreikuspen guztiak gainditu ziren, aurreko urtean baino jende gehiago bildu baitzen (1983ko ospakizunean milioi bat lagun baino gehiago izan ziren).
Javier Clementek gidatutako taldeak irabazitako Liga eta Kopa tituluek une eta irudi gogoangarriak utzi zituzten. Orain, 40 urte eta gero, futboletik harago doan beste atal bat biziko dute athleticzaleek, berezko nortasuna, kide izatearen sentimendua eta parerik gabeko filosofia ardatz hartuta.
80ko hamarkadako txapeldunak ere izango dira, eta zendu diren zaleak gogoan izango dituzte
Asteazken arratsalde-gauean, Athleticek sinbolismoz betetako bi ekimen iragarri ditu, gabarrarekin lotuta. Alde batetik, klub zuri-gorriak adierazi du nola 1984an gabarran izan ziren jokalariek lagunduko duten orain, itsasontzi batetik, Abratik abiatuta, egungo jokalariak. Horrez gain, igandean, Athletic-Vila-real partidan, 1983ko Liga eta 1984ko Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituzten Athleticeko jokalariek ohorezko pasabidea egingo dieten 2024ko Kopako txapeldunei, Vila-real taldeko jokalariekin batera.
Halaber, gabarra San Mamesen parean izango denean, etenaldi txiki bat egingo du; horren xedea da uretara arrosa gorri eta zurien petaloak botatzea. Horrela, asmoa da omentzea Athletic berriro txapeldun izatea ikusi ez duten athleticzaleak.
64 urteko ontzia da; 2013an hartu zuen erretiroa
Gabarrak 64 urte ditu. Erandioko Celaya ontzioletan egin zuten, alegia, orain Bilboko Itsasmuseum-Itsas Museoan dagoen tokitik milia gutxira, gaur egun Portu Agintaritza deritzonak egindako enkargu baten ondorioz: orduan, jarri zioten izena Lehendabizikoa izan zen.
1983ko maiatzera arte, hasiera batean, itsasadarrean lan egiten zuten dragei ikatza eramateko eta horiek hornitzeko erabili zuten; ondoren, jada joan den mendeko 80ko hamarkadan, hormigoizko blokeak garraiatzeko egokitu zen.
19843ko eta 1984ko harrerak eginda, Athletic gabarrak lanean jarraitu zuen, erretiroa hartu arte. 2013ko urriaren 15ean, zeharkatu zuen azken aldiz Bilboko ibaia, Santurtzitik Bilboko Itsas Museoko dike lehorreraino. Azken bidaia horretan, Jose Angel Iribarrek gidatu zuen ontzia.
Gila lauko ontzia da, propultsio propiorik gabea, eta, arestian esan bezala, salgaiak garraiatzeko egina. 18,5 metroko luzera, 8,5 metroko zabalera, 1,7 metroko krokoaren garaiera, 1,14 metroko zingoa eta 80 tonako pisua ditu.
Lan-egun bat festa-egun bilakatu da
Osteguna, apirilaren 11, lan-eguna da Bilbon eta Bizkaian, jakina, baina Athleticentzako harrerak festa-egun bilakatuko du. Herrialdeko hainbat ikastetxek lehenago amaituko dituzte eskolak, Deustuko Unibertsitateak ere bai, eta zenbait enpresako langileek ere izango dute aukera lanetik lehenago irteteko. Arratsaldeko eskolak bertan behera uzteko erabakia hartu duten ikastetxeen argudioa da ikasleen eta horien familien segurtasuna eta lekualdatzeko gaitasuna bermatu nahi dutela; aurreikuspena da zirkulazioan arazoak izatea, harreraren ondorioz. Itsasadarraren ondoan dagoen Guggenheim Museoa ere lehenago itxiko dute ostegunean, 17:00etan hain zuzen ere.
Metro Bilbaok tren gehiago eskainiko ditu arratsaldean, eta zerbitzu etengabea gauean
Herritarrentzako gomendioa da garraio publikoa erabiltzea. Metro Bilbaok lanegun bateko ohiko zerbitzua eskainiko du 15:30ak arte, eta, orduan, zerbitzuaren arratsaldeko errefortzua hasiko da, trenenekin hiru minuturo enbor komunean, sei minuturo Ibarbengoa eta Kabiezeserantz, eta 18 minuturo Plentziarantz. Ordutegi horiek hala mantenduko dira 22:30ak arte; orduan, maiztasunak 5, 10 eta 20 minutukoak izango dira, hurrenez hurren, eremu desberdinetan.
Ospakizunari estaldura emateko eskaintza ostegun gau osoan etenik gabeko zerbitzuarekin osatuko da. Zehazki, 23:00etatik ostiral goizeko 06:00etara, trenak ibiliko dira, bi bideetatik, 10 minuturo enbor komunean eta 20 minuturo Plentzia eta Kabiezeserantz.
Eguraldi iragarpena: zerua oskarbi, eguzkia eta tenperatura goxoak
Meteorologiak ere bat egingo du festarekin. Euskalmeten arabera, eguraldia "oso atsegina" izango da. Abran, gabarraren irteeran, tenperatura 18-20 gradu ingurukoa izango da, eta ontzia Bilbora iristean, 18:30 inguruan, 20-22 gradukoa. Itsasbehera 13:15ean espero da eta itsasgora 19:27an.
Athleticek ospakizunaren gaineko argazkilaritza lehiaketa bat deitu du
Asteazkenean iragarri dutenez, Athleticek, "express" moduan, argazkilaritza lehiaketa bat deitu du; horren gai bakarra da gabarraren ospakizuna. 18 urtetik gorako edozeinek parte hartu ahal du, afizionatuek zein profesionalek; parte-hartzaileek argazki bakarra bidali ahalko diote klubari, posta elektronikoz. JPG artxiboa izan beharko du argazkiak, eta gutxienez 2400×1600 pixel eta 300 dpiseko bereizmena.
Irudiak apirilaren 11tik 30era bitartean bidali ahalko dituzte parte-hartzaileek, eta epaimahaiak maiatzaren 7an adierazi du nork irabazi duen. Lehiaketako lehen saria da VIP esperientzia bat San Mamesen, maiatzaren 12ko Athletic-Osasuna derbian; bigarren saria da "2024ko Kopako edizio bereziko elastiko bat, txapeldunek sinatuta"; eta hirugarren saria da Club Athleticeko bi karnet.
Gabarraren ibilbidea eta ordutegiak:
16:30 Irteera Abra de Getxo Abrako Itsas Klubaren pantalanetik
16:50 Areeta/Portugalete. Bizkaia zubia.
17:10 Lamiako/Altos Hornos
17:30 Erandio/Sestao
17:45: Lutxana/Punta Zorrotz
18:00: Zorotzaurre/Zorrotza
18:15 Deustu/Itsas Museoa
18:30: Campo Volantin pasealekua
18:35 Udaletxe parera iritsiera
19:00 Harrera Bilboko Udalean
19:40 Autobusez Udaletxetik Aldundira, Areatzatik, Plaza Biribiletik eta Kale Nagusitik igarota
20:00 Harrera Bizkaiko Foru Aldundian