KOPAREN OSPAKIZUNA
Athleticek asteartera arte luzatu du koparekin argazkiak ateratzeko epea
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ilara luzeak sortu dira larunbatean San Mamesen inguruetan Athleticek Sevillan irabazi zuen koparekin argazkiak ateratzeko.
Athletic Clubeko zaleek ez dute larunbatean Mallorcaren aurka lortutako tituluarekin argazkiak ateratzeko aukera galdu nahi izan. Eskari handia dela eta, klubak apirilaren 16ra arte luzatu du epea, asteartera arte.
Zaleek garaikurrarekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute larunbatean 09:00ak eta 22:00ak bitartean, igandean 09:00etatik 13:00etara, eta astelehenean eta asteartean, 09:00etatik 22:00etara. Koparekin argazkia ateratzeko, erreserbarik gabe joan daiteke futbol zelaiko 20. atetik sartuta.
Gabarraren ospakizun jendetsuaren ondorengo egunean, ostiralean, ehunka zale igaro dira goizetik garaikurrarekin argazkia ateratzeko. Tribuna nagusian jarritako plataforma baten gainean dago kopa, eta armarria, "txapeldunak" hitza eta "Unique in the world" leloa jarri dituzte haren ondoan.